Gaur, beharrerako bidean, Ezker Abertzaleak Donostiako Kursaalen atzo
egindako adierazpena euki dot gogoan; bertako edukiaz gain, hedabideetan entzundako erreakzioak aztertzen ibili naiz. Ezker Abertzaleak sano argi egin dau berba ostera be, eta, antza danez, haserre bizian ipinten dira batzuk argitasun horren aurrean.
Borroka armatuaren zikloa amaitu egin da. Kitto, finito, akabo; baina, Ezker Abertzaleak eta ETAk hala erabaki dauelako gertatu da hori, hausnarketa sakon baten ostean hartutako hainbat erabakien ondorioz. Orain, gatazka biolentoak eragindako sufrimenduaren inguruan berba egiten dauenean, erabaki propioz egiten dau Ezker Abetzaleak. Protestan dabiz “bizkarzainak” -lepotxakurrak, nere koadrilan- behar barik gelditzen dabizelako nor zaindu ez daukielako, euren zainduen aurkako ekintza biolentorik ez dagozalako. PPko buruzagiek ukatzen dabenaren froga argia besterik ez da hori. Erabakia aldebakarreko da, zalantza barik, eta gaur egun Estatuek eragindako indarkeria gelditzen da: presoen aurkako jazarpena, azkenengo bi atxilotuei egindako torturak eta mehatxuak – vamos a tener que detener a tu mujer, y la vamos a violar…-, ilegalizazio-egoerak… Oraingoz, normalizazio politikorako eta adiskedetzeren aldeko urrats bakarrak Ezker Abertzaleak eman ditu; nahikoak ala ez, baina bakarrak.
Horrek, baina, ez dau esan gura Ezker Abertzalea bere historia arbuiatzen dauela edota garaitua sentitzen dala; ezta hurrik eman bez. Ezker Abertzaleak bere historian hainbat akats egin dauezala onartzen dau, eta, argi dago, estrategia latzak hartu dauezala bere historian zehar, beste arrazoi batzuen artean, arriskatu egin dauelako eta bide barriak urratzen saiatu dalako, behin eta barriro. Ziklo aldaketa egon da, eta aurrekoak lagatako zauriak orbantzen lagundu behar dogu danon artean. Zauriak ez dira urte askoan desagertuko, baina orbantzeagaz batera joango dira min zorrotzak.
Etengabeak dira Ezker Abertzalearen mugimenduak norantza horretan; ez legoke bat bez txarto gainontzeko eragileek gauza bera egitea. Batzuen jarrerak, barriz, oinarri faltsuen gainean sostengaturik dagoz, eta horrek erabaki antzuak hartzera bultzatzen dauz. Emoten dau Ezker Abertzalearen humiliazioaren bila dabizela porrot egin dauelako, eta hor dabiz mendekatzaile odol-gosetiak hilzorian ei dagoanari atzaparkadak emon gurean; baina Ezker Abertzaleak – beste batzuen artean- bultzaturiko aliantza politikoa gero eta zabalagoa da. Ezker Abertzaleak aliantza politikoak hobeste ei dauz ilegala dalako, baina legeztatzea lortu bezain laister bakar-bakarrik joateko hautua eginda, urak ohiko errotetara bueltako ei dau; baina, hain zuzen be, aliantza politikoak dira Ezker Abertzalearen estrategiaren ardatzetariko bat, legala izan ala ez.
Ezker Aberzalea Euskal Herriaren etorkizunaren aldeko urrats geldiezinak emoten dabiz; PPSOE bidea oztopatzen saiatzen dabiz, eta badira beste batzuk enteratzen ez direnak edo ez dabenak enteratu gura, egindako urrats bakoitzaren garrantziaz.