Ezker Abertzaleak horretarako deia egin euskun pasau dan barikuan.
“Sortu eratzeko prozesuan “sortzaile” izateko deia egiten diogu gure kidego osoari”
Sorturen legeztapena: Hamarkada oso batez legez kanporatzeen aurka buruturiko borrokaren emaitza.

• Sorturen legeztapenak Estatuak bere garaian martxan jarritako legez kanporatzeen aroaren gaindipena suposatu behar du.
• Alderdien Legeak porrot egin du: ezin izan dute Ezker Abertzalea suntsitu, ez eta Ezker Abertzaleak ordezkatzen duen proiektu politikoa ezabatu.
• Ilegalizazioa eskandalu politikoa bilakatzeko gai izan gara urteotan, errepresio eta apartheid ororen gainetik, ekimen eta jardun politiko, instituzional eta sozialari eutsiz. Azken hamarkadan herri ekimen anitz eta aberatsak gauzatu dira gure herrian, konpromisoz beteak.
• Legez kanporatzeen eta jazarpen politikoaren aurkako aldarrikapen eta mobilizazio herritarrak ekarri du Sorturenlegeztapena. Sortu-ren legeztapena eta gero, zein da irekitzen den egoera?
• Lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago Ezker Abertzalearen hautu estrategikoak eta ekimen politikoak egoera berria sortu duela. Ilegalak, baina Zutik Euskal Herriak barnebiltzen duen ekimen politikoaren bidez egun gure herrian ireki den testuinguru berria sustatu du Ezker Abertzaleak.
• Ezker Abertzaleak Zutik Euskal Herria-n oinarrituko du aurrerantzean ere bere jardun politikoa.
• Azken bi urteotan Euskal Herrian sortu dugun egoera politiko berrian, Estatu espainiarrari ezinezkoa egiten zaio orain arteko apartheid egoera mantentzea, ez Euskal Herriaren aurrean, ez eta nazioarteko komunitatearen aurrean
• Lorpen handia lortu du herri honek, beraz, baina ezin dugu ahaztu oraindik salbuespenezko egoera bat pairatzen duela gure herriak, hor daudela oraindik orain legez kanporaturiko hainbat errealitate, hainbat sumario, hainbat pertsona espetxean eta hainbat epaiketa politiko. Oraindik orain 200 euskal herritar daude izaera guztiz politikoa duten sumarioetan auzipetuta. Sortu-ren legeztapenak, bere horretan, ez du oraindik orain berdintasunezko konfrontazio politikoa bermatzen.
• Ez da aldatu bestalde, gatazka politikoaren konponbiderako Estatuaren borondate politikoa. Alegia, Estatu espainiarrak ez du elkarrizketa eta akordio politikoaren bitartez gatazka parametro demokratikoetan konpontzeko borondaterik. Horren adibide ditugu euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika kriminala, “Parot dotrinaren” bitartez ezartzen den biziarteko espetxe zigorra, Bateragune delako auziko zigorraren berrespena…
• Zer da aldatu dena beraz? Estatuak bere boikot jarrera mantentzen du, inondik ere; Euskal Herria mailako indar metaketak eta nazioarteko eraginak ordea, errotik aldatu dira azken denborotan eta horrek inoiz baino zailago jartzen dio Estatuari bere posizioa mantentzea.
Eta, aurrerantzean zer?
• Aurrerantzean, hemen bildu garen Ezker Abertzaleko kide guztiok Sortu-ren prozesu eratzailean parte hartzeko borondate irmoa dugu. Sortu prozesuan parte hartu eta herri honetan iraulketa demokratiko osoa lortzeko tresna berria eraiki nahi dugu horretarako prest dauden guztiekin. Era berean, Ezker Abertzaleko kidego osoari deia luzatzen diogu Sortu eratzeko prozesuan parte hartu eta Sortu-ren Sortzaile izan dadin.
• Herri honetara benetako demokrazia ekartzeko alternatiba eraiki behar da. Egungo ereduak porrot egin du, egungo demokrazia eredua tutelatua eta bahitua dago elite ekonomikoen eskutan. Aire freskoa ekarriko duen tresna politiko berria behar du herri honek, jendarteari protagonismo osoa emango diona. IRAULTZA DEMOKRATIKOA bultzatuko duena, egungo errealitate politiko eta ekonomiko ustela errotik aldatzeko. Eta aldaketa hau euskal herritarren borondatearen baitan egin nahi dugu, herriarekin, herritarren parte hartzea eta hitza oinarri izango dituelarik.
• Honekin batera, ezinbestekoa da ezkerreko independentista eta soberanisten arteko elkarlanean sakontzea. Akordio eta konpromiso estrategiko ezberdinen garapena eta eragile politiko, sindikal eta sozialen elkarlana izango da Euskal Herriak behar duen alternatibaren bermea.
