Arrakastatsuak izan zirean lehenengo topaketak. 40 lagunetik gora alkartu zirean Kultur Etxean, pasau dan uztailaren 20an. Aurkezpenean egungo errealitatearen ezaugarri batzuk aipatu zirean. Batetik, kontsumitzaile barriak dagoz. Elikagaien kalitatearen inguruko kezka daukie, inguruarekiko ardura. Bestetik, baserritar izan gura daben, nekazaritza eta abeltzantzara dedikatu nahi duten gero eta gazte gehiago.
Topaketen helburua produktore eta kontsumitzaileak antolatzea zan, sareak osatu eta helburu batzuen alde beharren hastea. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanaren eredu berria aldarrikatzen da, saleroste hutsetik harago joan eta konpromiso handiagoa erakutsi elikadura eta kontsumo ohiturekiko.
Nekazaritzan, urte askoan zehar jaun eta jabe izan dan eredu intentsiboaren gainbehera ari da emoten (monokultiboak, esplotazino handiak exportazinora bideratuta, makinaria modernoak, ongarri eta pozoi kimikoen erabilera…).
Agroekologia bere lekua irabazten dabil apurka apurka. Eredu berri bat, alternatiba osoa hartzen dau bere baitan agroekologiak, lurra, haziak, ekoizteko moduak eta baita irizpide sozialak be (produktuen dibertsifikazioa, merkaturatzeko modua, garraioa, langileen eskubideek, parte-hartzea eta ideologiagaz lotutako beste alderdi batzuk…). Honegaz lotuta, gaur egun Bizkaian 30 kontsumo-talde dagozala aipatzea.
Jardunaldietan gaien araberako lantalde ezberdinak osatu ebezen bertaratutakoek, hemendik aurrera harremanak estutu eta hurrengo bilera batean lantalde bakotxaren ibilbide eta ondorioak danon artean zabaltzeko. Honeek zireen gaiak:
- baserritar eta herritarren arteko harremana (“merkaturatzea” edo),
- elikadura subirautza,
- lurren banaketa,
- agroekologia,
- eskoletako jantokiak
- formakuntza eta sentsibilizazioa. Sei lantaldeak euren kontura alkartu eta batzarra egingo dabe urte amaierarako, alkarren ondorioan barri emoteko.
Arratia eta inguruko ekoizleak be ezagutu genduzan (batzuk behintzat), eta egia esan, gauza asko daukagu (asko ezagutzen ez doguzan arren). Ortuariak, ogia, arraultzak, txarrikiak, pasta, oilazkoak… danetarik apur bat. Saltzeko moduaren inguruan, aukera ezbardinak erabiltzen dira, Nekasarearen bidez, artezean…). Nekasareari buruz eretxiak, hemen, hemen eta hemen.
Kalitateko produktuak kontsumitu gura dabezan herritarrak be bertaratu zirean. Holan entzun genduan Zeanuriko kontsumo taldearen historia. Urtebeteko ibilbidea daroa, 12-14 lagun ingurugaz hasi zan eta 7 inguru dira orain. Inguruko nekazariei erosten deutsiez produktuak eta eskola jantokiaren inguruan be badabiz beharren. Egungo sistema aldatu gura dabe eskolako jantokian, inguruko produktuak hobesteko eta eskolan bertan sukaldatzeko, prestatutako janaria inondik ekarri barik.
Dimako eskolako gurasoek euren esperientzia kontatu eben, Larrabetzu eta Urdaibaiko ereduak ezagutarazteko egindako beharra eta hemendik aurrerako asmoak. Ikuspegi integralagaz. Euren seme-alabek eskolan jasoten daben elikaduragaz arduratuta dagozan gurasoak, alternatibak lantzen dabizenak, euren artean eta inguruko produktore txikiakaz sareak eraikiz. Bertakoa edo ingurukoa izateari emoten dautsie garrantzia, ez horrenbeste agroekologikoa izateari. Areatzan be 7 bat lagun dagoz kontsumo-talde baten inguruan mobitzen.
Sentsibilizazino beharra be aipatu zan batzarrean. Baserriko kultura nekazari-abeltzaina galtzen ari dan momentuotan, gazteai nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruko ezagutza transmititzearen garrantzia aipatu zan. Formazinoa, azken batean. Bide batez, kanpoko esperientziak ezagutzea.
Beste egitasmo eta ideia batzuk be agertu zirean: ortu txikiak herrietan, lur bankuen inguruko ekimenak, lurren erabileraren diagnostikoak, eskoletako umeak esplotazinoetara eroetara Agenda 21en barruan, “baserriko kultura” berreskuratzeko ekimenak.
Arratia eta inguruko produktoreek alkartea sortu dabe eta Igitia ipini deutse izena. Hilaren 17 guztietan alkartzen dira, 15:30etan Arteako Ekomuseoan. Produktuak merkaturatzeko bide ezbardinak planteatzen dabez, kontsumo-taldeak, ekonomatoak (mantenimendu gastuei eutsi beharra da euren puntu ahulena) eta merkatuak.
Amaieran, meriendatxoa, inguruko produktu gozoakaz. Egia esan, badago zegaz gozatua gure inguruan.
—–
Gaiari buruzko informazino bila, Malu Egiluz zeaniztarraren inguruko erreportaia topatu dogu Baserri bizia aldizkarian: “Herria pizten duen proiektua”. Hemen dekozue. Gaiari buruzko interesa edukiez gero, sano aldizkari interesgarria da.

