Arrakastatsua izan zan atzoko greba. Sindikatu eta gizarte eragileek egin eben deialdia uztailean “Euskal Herrian murrizketarik ez! Eskubide laboral eta sozialen alde” lemapean.
Goizean goiz hasi zirean piketeak bueltaka, Arratia osoa zeharkatuz, eta ia enpresa guztiak egoazan itxita. Batzen adibidez, beharren egoazan apurrakaz artezean berba egiteko aukera izan eben piketeko kideek, grebaren arrazoiak azaltzeko.
Komertzio txikian ere jarraipena ia erabatekoa izan zan, salbuespen txikiren bat kenduta. Hori bai, Arratiako Udalen Mankomunitateak plenoa burutu eban, Igorre eta Lemoako alkateek atzeratzeko eskaria luzatu eben arren. Biak gerturatu ziren plenora, beste hainbat herritarregaz batera, eta Mankomunitateko lehendakariaren jarrera salatu ostean, alde egin eben. Barriro be, argi gelditu zan PNVren “sensibilidade soziala”.
Mobilizazinoei jagokenez, asko izan zirean eguerdiko Bilboko manifestazino jendetsura hurreratu zirean igorreztar eta arratiarrak. Arrastian, eskualde mailako manifa jendetsua burutu zan Igorreko kaleetatik, 500 lagun ingururen parte hartzeagaz, martiaren 29ko greban baino gehiago. Kultur Etxeko plaza bete egin eben bertaratutakoek. Han, eguneko komunikatua irakurri eben LAB eta ELAko bi kidek eta “Internazionala” eta “Eusko gudariak” kantatuz amaitu zan ekitaldia.

