Hileko azkenengo barikuan kontzentrazinoa burutu eban Herrira-k Igorren. Bertan, mosaiko antzerako irudi bat osatu eben bertaratutakoek, kalearen bi aldeetan jarrita, kareta eta guzti. Kontzentrazinoaren amaieran, jarraian dozuen agiria irakurri eben, Igorreko udalean presoen gaixoen inguruan gertatutakoa jasoten dauana:
Arrastion danori,
Urteak daroaguz azkenengo barikuetan euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde kalera urtetan. Gaurko deialdiaren lema, argia da, “bizi osorako doktrina eten. Preso gaixoak herrira”. Asko gara hori defetzen dogunak eta aste honetan, preso gaixoen gaia Igorreko Udaletxera be heldu da. Bilduk mozinoa sartu eban eta pasau dan asteleheneko plenoan irakurri eta eztabaidatu zan. Holan esaten eban Bilduren mozinoak (laburtu egin dogu):
Josu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren ostean, beste hamahiru dira gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan presoak eta aipatutako argudio bardinak kontuan eukinda, kaleratu behar direanak. Hamahiru preso eta beraien senitartekoak zigor gehigarria dabiz sufritan. Preso honeri baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari dira Madrilgo arduradun politikoak. Nazioarte zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dabe. Gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan pertsona horreek, beharrezkoa daben tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea dalarik.
Hau guztia kontutan harturik, honako puntu honeek aurkezten doguz Osoko Udal Batzarrera, bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:
1.-Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrigo gobernuari.
2.-Udal honek, nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuaz, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna eskatzen du. Beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera honek, bai beraientzat zein beren senitartekoentzat ere, zigor gehigarria suposatu ez dezan.
3.-Erabaki honen berri, Madrilgo Barne Ministeritza eta Kartzela Zaintzako Epaileari bideratzea.
Mozinoa onartu egin zan, Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkarian abstentzinoagaz. Gai bardinaren inguruan, holan esaten eban adierazpena aurkeztu eban EAJk (hau be laburtu egin dogu):
(…) Askatasunik gabe bizi direan pertsona guztiek beren eskubideak dabez eta justiziakoa da eskubide honeek aitortutea eta betetea.
Oinarri honetatik abiatzeak, momentu honetan, bi jarduera ildo proposatzen dauz:
- Lehenengo eta behin, espetxe politikan giza eskubideen errespetu eta bermearekiko konpromisoa exijidutea. Hau da, dispertsino, urrintze eta inkomunikazino ariketakaz amaitutea, preso gaixoen eskubideak, osasun, heziketa eta hizkutnza eskubideak urratuteari istea eta onurak eta espetxetik atarateak diskriminazino eta arbitrariotasun barik apliketea.
- Bigarrenik, EAJ-PNVk barriz be adierazo gura dau ekimen politiko instituzionalarekiko dauan konpromisoa, gai honeen inguruan emon direan salbuespenezko jarduerakaz amaituteko; azken urteotan galdu dan gitxieneko askatasun eta giza eskubide maila berreskuratuta, legearen beraren izpirituaren kaltetan joango direan lege eta arau interpretazinorik egin ez daiten.
Igorreko Herrira-tik modu positiboan baloratzen dogu herriko bi indar politiko nagusiek gaiaren inguruan erakutsitako jarrera, eta pauso barriak emotera gonbidatu gurako geunkez, Herrira-tik antolatutako ekimenetan parte hartzera gonbidatuz, besteak beste, hileko azken barikuetako deialdietara. Danon artean lortuko dogu kartzela politika justu eta humanoagoa bihurtzea eta salbuespenezko neurriak desaktibatzea.
Mobilizazinoaren amaieran, mokadu bat jan eta trago bat hartzeko aukera eukin eben bertaratu zireanek.
