Barikuan Kultur Etxean burututako ekitaldiaren ostean, zapatua be kanpainako eguna izan zan Euskal Herria Bildurentzat. Eguerditik hasita kotxe karabana egin eben, Igorreko auzo guztiak eta erdigunetik barrena. Izan be, jende asko egoan kalean, Lasarte parkean Merkatarien Elkarteak antolatutako “Aukeren azoka” eta eguraldi ederra zala eta.
Ostean, bazkaria eskoletan: marmitako espektakularra, solomoa piperrakaz eta postrerako, gaztaia menbriluagaz. Tertuliarako aukera ederra egon zan.
Domekan aldiz, EAJkoen eguna izan zan. Bezperan BECen egon ziren eta atzo, kotxe karabana egin eben herritik zehar, eta Garbeko azoka zala aprobetxatuz, estanda ipini eben bertan. Han ibili ziren propaganda banatzen eta kalejira be egin eben, trikitilari eta guzti.
Eta kanpainak jarraitu egiten dau.
