Gaur, beharrerako bidean, iraganaz eta etorkizunaz etorri naz hausnartzen, irratian entzundako barriek hartara bultzatu nautelako. Atzo gertatu zan iraganagaz lotu nauen barria: Prestige auzia hasi da. Mariano Raxoi – Angela Merkelen ordezkaria Madrilen- barne ministroa zan orduen, eta, haren dorpeziagaitik, beste gauza batzuen artean, gertatu zan azkenengo urteotako desastre ekologikorik handiena. Ospetsuak egin ziren garai hartan “los hilillos de Rajoi”. Hor ibili zen fuel-oila isurtzen zebilen petroliontzia, Galizako eta Portugaleko kostaldetik paseatzen; idatzi zan, orduan, ontzia bonbardatzen proposatu ebala “Don Marianok”, fuel-oila erretzeko… Hori da, zoritxarrez, Espainiako erresumako “presidentea”.
Baina, atzo, gauza gehiago gertatu ziren: David Cameronek eta Alex Salmondek -Britainia Handiko erresumako eta Eskoziako lehen ministroak, hurrenez hurren- akordioa sinatu eben Edinburgon, non, independentziarako erreferendumaren inguruko adostasuna agertzen dan. Lortu dabe; eskoziarrek etorkizunari begiratzen dautsie ausardiaz eta harrotasunez. Zelako aldea mandatarien artean.
Nik poztasunez entzun dot barria, eta gogoz, ea Euskal Herria halako egoeran noz egongo dan pentsatzen; eta etorkizunari hika noz egin ahal izango deutsegun euskaldunok, beldur barik, ausardiaz eta errespetoz. Zalantza barik , domekan bertan eman dakioke hasiera independentziaren sinfoniari…
Begiraiozue bideo honi eta emozionau, eta amets egin, lagunok, geroa gurea da-ta.