Ez da batere erraza izango domekan, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, burutuko diren hauteskundeen emaitzak baloratzea. Arriskua dago zenbakien artean galtzeko; ehunekoek eta jarlekuek ez deuskue, baina, egia osoa kontatzen, batez be, erreferentzia garbirik ez badekogu.
Domekan, nere ustearen arabera lehia bi egongo dira: alde batetik EAJ-PNVren eta ehbilduren artekoa, eta bigarrena, ea azkenengo urteotan EAEn gobernatzen egon diren PP-PSE zertan gelditzen diren bloke abertzalearen aurrean -EAJ-PNV abertzaletzat jo badaiteke, behintzat.
Ilegalizazino egoeraren ondorioz, Ezker abertzalea ez da Gasteizko parlamentuan era normalizatuan egon azkenengo urteotan, eta, gainera, koalizioan aurkezten da EA, Alternatiba eta Aralarregaz batera; non bilatuko dogu ba, erreferentzia?
Garaiotan bizi dogun abertzaleen arteko elkarlanerako joeraren adibiderik hurbilena 1998. urtean bilatu behar dogu. Orduan, Lizarra-Garaziko akordioa indarrean egoan, eta urriaren 25ean hauteskundeak burutu ziren Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Hauteskunde horietan EAJ-PNVk 350.322 boto lortu ebazan, EAko botoak gehi Euskal Herritarrokek lortu ebazanak 332.636 izan ziren, PSEk 220.052 boto ebazan, eta Iturgaitzek gidatutako PPk, berriz, 251.743. Honen ondorioz, EAJ-PNVk 21 jarleku eskuratu ebazan; EAk+EHk, 20; PSEk, 14, eta PPk 16. Gainontzeko 4 jarlekuak EB-IUren eta UAren artean banatu ziren, bina jarleku eurenganatu ebezala.
Aurrekoa erreferentzi zilegia bada be, kontuan hartu behar dogu EAko hainbat sektorek PNVgaz bat egin dabela; beraz, ez da guztiz zuzena batuketa matematikoa egitea, baina tira, ideiaren bat edukitzeko ez dot uste txarto dagoenik.
Kontuan hartu behar dira, baita be, Espainiako legebiltzarrerako azkenengo hauteskundeen emaitzak; bertan, Amaiurrek hartu eban parte, eta hori da, zalantza barik, ehbildugaz antzekotasun handien daukan indarra, batez be, euren emaitzak alderatzeko orduan. Kasu horretan EAJ-PNVk 324.317 boto lortu ebazan, Amaiurrek 285.290, PSEk 255.013, PPk 210.797, EB-IUk 43.717 eta UPyDk 20.000. Alderatu ahal dozuez zenbaki hauek 1998. urtean lortutakoekaz eta zenbait ondorio aterako dozuez, seguru.
Bihar, aipaturiko bi hauteskunde horietan, Igorren gertatu zanaz egingo deutsuet berba.