Gaur, beharrerako bidean, Timoteo Atutxari domekan eskeinitako omenaldia euki dot gogoan. Hunkigarria, benetan. Igorreko Udalaren eskutik ederto prestaturiko ekitaldi xume baten bidez, Igorreko herriak Timoteok merezi dauen herri aitortza egin dautso, haren erailketatik 75 urte joan diren honetan.
Goiko plazan ezarritako oroigarri-plakak ederto adierazten dau herri oso baten sentimendua. Orduko hartan belaunikatzeari uko egin eutsien batzuek; ondorioz, errepresioa jasan behar izan eben. Timoteo Igorreko EAJ-PNVko uri batzarreko idazkaria zan eta frankistek atxilotu egin eben, Larrinagako gartzelan sartu, eta urriaren 29 baltz baten hil egin eben Derion.
Hunkigarria ekitaldia berba hartu eban bere ilobari entzutea: zenbat sufrimendu ixilean gordeta. Zenbat injustizia. Hunkigarria, aldi berean, Goiko Plaza domekan zelako irudia eman euskun ikustea. Bertan, EAJ-PNVko herritarrak egon ziren, Ezker Abertzalekoak , etab; danak helburu beragaz, Timoteo Atutxaren memoria berreskuratzea.
Euskal Herriaren aldeko borrokan hildakoen zerrenda luzeegi horretan dauzenak gure errespeto eta aitortza behar dabe; baina, ez haiengaitik bakarrik. Duintasun kontua da , eta, domekatik aurrera apur bat duinagoa dan herrian bizi gara. Dana antolatzaileei, Igorreko Udalari, eta, jakina, Timoteoren memoria hainbat urtez bizirik mantendu dauen familiari esker. Eskerrik asko, bihotzez.
