“Auzolana auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema da, Euskal Herriko landa lurretan oso sustraitua. Hasiera batean, auzokoen artean egindako lanak (batik bat herriko eta basoetako toki komunetan) adierazteko erabili ohi zen. Gaur egun lankidetzaren sinonimotzat erabiltzen da.”
Wikipedian begiratuz gero, aurreko hori da auzolanaz emoten dan azalpena. Gure inguruetan, asko dira auzolanaz emon litikezan adibideak, hala nola bideen garbiketa, txarriak hiltea,… Badira hainbat kontu auzolanaren bitartez konpondu izan direnak gure herrietan. Azken batean, onura kolektiboa helburua dauen behar kolektiboa besterik ez da auzolana.
Igorreko udaletik gogoz saiatzen dabiz auzolana bizitza esparru barrietara eroaten: zuhaitz egunaren ereiteak, errekearen garbiketa, eta, orain, iturrien konponketa. Aurreko domekan, hamarren bat lagun batu ziren, eta, Igorreko udalak euren esku jarritako materialagaz Orobiko iturrira joan ziren; iturria tokiz aldatzea erabaki eben, eta banku batzuk ipinten ibili ziren. Hurrengo batean jarraituko dabe Orobiko iturriagaz, eta horregaz amaitzerakoan, badira herrian konpontzeke dagozan iturri gehiago.
Baten batek esango dau deialdiak ohiartzun eskasa euki ebala; nik, ordea, ez. Abiapuntua da hori. Erabat baztertuta egon dan gauzak egiteko modua berreskuratze bidean, nonbaitetik hasi behar da. Auzolana zabaldu egin behar da, promozionatu egin behar da. Bide hortan dagozanei animoak bidali gura dautsiedaz hemendik eta gainontzekoei bide horretan sartzeko deia luzatu gura dautsiet.

