Feeds:
Postak
Iruzkinak

‘Euskal Herria’ laburpen hitzak dituzten postak

Galder, Ainhoa, Patxon, Nuria, Jon, Nagore, Iker, Garazi… Igorreko lehenengo sortzaileak. Herritik zehar ipinitako karteletan ikusten diran aurpegiak. Prozesuko lehenengoak Igorren. Sortuko eztabaidaren aurkezpen soziala burutu eben atzo iluntzean. Kultur Etxean.

 Jatekoa eta edatekoa eukin eben gerturatu zirenek; musika egoan ipinita, eta karteletako argazkiak proiektatuta bazter batean. Jentea zutunik, giro informalean. Sortu-ren eztabaida prozesuaren inguruko deialdiak eta ponentziak eskuragai mahai baten (interneten be badagoz) eta interbentzino labur eta indartsu bi.

 Sortu-ren sorreran parte hartzearen garrantzia azpimarratu zan lehenengoan. Datozen erronkei aurre egiteko, gure burua zelan antolatu behar dogun zehaztu behar dogu prozesu honetan.

 Prozesuaren egutegiaren barri emon zan bigarren interbentzinoan. Datorren urteko otsailaren 23an amaituko da, Sortu-ren Kongresuagaz. Lau eztabaida saio burutuko dira Igorren, zapatu goizetan, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala. “Datozen lau hileotan lau zapatu lapurtu behar deutsueguz” bota zan aurkezpenean. Hona hemen datak eta gaiak:

  • Azaroaren 24an. OINARRI IDEOLOGIKOAK
  • Abenduaren 15ean ILDO POLITIKOA
  • Urtarrilaren 23an ANTOLAKETA EREDUA
  • Otsailaren 09an KARGUEN AUKERAKETA

Datorren zapatuan burutuko da lehenengo eztabaida, oinarri ideologikoen ingurukoa. Azaroaren 24an izango da, goizeko 9:00etan eta dinamika parte hartzaileakaz antolatutako goiza izango da eta ez da aspertzeko aukerarik egongo.

 “Igorren sortu behar dogu” ipinten eban deialdiko karteletan, eta argi gelditu zan herritar asko dagozala ideia bardinagaz.

Read Full Post »

Gaur, beharrerako bidean, iraganaz eta etorkizunaz etorri naz hausnartzen, irratian entzundako barriek hartara bultzatu nautelako. Atzo gertatu zan iraganagaz lotu nauen barria: Prestige auzia hasi da. Mariano Raxoi – Angela Merkelen ordezkaria Madrilen- barne ministroa zan orduen, eta, haren dorpeziagaitik, beste gauza batzuen artean, gertatu zan azkenengo urteotako desastre ekologikorik handiena. Ospetsuak egin ziren garai hartan “los hilillos de Rajoi”. Hor ibili zen fuel-oila isurtzen zebilen petroliontzia, Galizako eta Portugaleko kostaldetik paseatzen; idatzi zan, orduan, ontzia bonbardatzen proposatu ebala “Don Marianok”, fuel-oila erretzeko… Hori da, zoritxarrez, Espainiako erresumako “presidentea”.

Baina, atzo, gauza gehiago gertatu ziren: David Cameronek eta Alex Salmondek -Britainia Handiko erresumako eta Eskoziako lehen ministroak, hurrenez hurren- akordioa sinatu eben Edinburgon, non, independentziarako erreferendumaren inguruko adostasuna agertzen dan. Lortu dabe; eskoziarrek etorkizunari begiratzen dautsie ausardiaz eta harrotasunez. Zelako aldea mandatarien artean.

Nik poztasunez entzun dot barria, eta gogoz, ea Euskal Herria halako egoeran noz egongo dan pentsatzen; eta etorkizunari hika noz egin ahal izango deutsegun euskaldunok, beldur barik, ausardiaz eta errespetoz. Zalantza barik , domekan bertan eman dakioke hasiera independentziaren sinfoniari…

Begiraiozue bideo honi eta emozionau, eta amets egin, lagunok, geroa gurea da-ta.

Read Full Post »

Read Full Post »

Ekitaldia burutuko dau Ezker Abertzaleak Iruñean, zapatuan, 17:00etan RefeNA aretoan.

Aretora heltzeko argibideak hemen.

Read Full Post »

Atzo izan zan Donostian, nazioarteko eta Euskal Herri mailako goi-mailako parte-hartzeagaz.

Hona hemen onartutako ebazpena:

Euskal Herrira etorri gara gaur Europako azken konfrontazio armatua behin betiko gainditzeko garaia iritsi dela eta posible dela pentsatzen dugulako.

Gure ustez, gaur egun, helburu hori lorgarria da euskal herritarren, bere ordezkari politikoen eta Europa zein Nazioarteko Komunitate zabalaren laguntzarekin. Argi adierazi nahi dugu ez garela hona etorri ezer inposatzera eta inork ez dezala pentsa herri honetako herritargoari ezer agintzeko eskubidea edota autoritatea dugunik. Ez gara inor hemengo eragile ezberdinei eta beraien ordezkari politikoei zer egin behar duten esateko.

Halaber, fede onez etorri gara eta espero dugu gure herriek eta jendarteek, baita besteenek ere, pairatu zituzten gatazka luzeak konponduz eskuratu dugun esperientziatik abiatuz eskainiko dizkizuegun ideiak baliagarriak izango zaizkizuela. Gure esperientzia horretatik abiatuz, jakin badakigu bortxakeria eta gatazka egoera konpontzea eta bake iraunkorra erdiestea ez dela inoiz lorpen erraza izatean.

Ausardia beharrezkoa da, arriskuak hartzeko borondatea eduki behar da, konpromiso sakonak, esku zabaltasuna eta estatu buru sena behar dira. Bakea errekontziliazioaren indarra gorrotoan oinarrituriko ohiturei nagusitzean dator; egungo egoeraren eta etorkizun hobearen aukera iraganeko ozpindura baino askoz ere onuragarriagoa denean. Gure esperientziak erakutsi digunez, bakea eskuratzeko benetako aukera ematen denean, ezinbestean aprobetxatu beharra dago. Gatazka, elkarrizketaren bidez, inolako bortxakeriarik gabe eta demokraziaren eskutik gainditzeko herritargoak bai eta bere ordezkari politikoek egin duten aldarrikapenaren indartzeak aukera hau zabaldu du.

Gure ustez, berrogeita hamar urte baino gehiago iraun duen biolentzia amaitu, eta bake iraunkorra eta justua eskuratzeko aukera une honetan bideragarria eta eskuragarria da.

Honengatik guztiarengatik:

  1. ETAri dei egiten diogu bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragartzen duen adierazpen publikoa egiteko eta soilik gatazkaren ondorioez aritzeko Espainia eta Frantziako gobernuei elkarrizketarako deia egiteko.
  2. Adierazpen hori egingo balitz, dei egiten diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei baiezkoa eman eta gatazkaren armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko.
  3. Zabaldu diren zauri pertsonalak eta sozialak sendatzeko lagungarria delako, eginiko minaren aitorpena, biktima guztien aitortza eta berauen laguntza, eta errekontziliazioan aurrera egiteko urrats sakonak eman daitezen eskatzen dugu.
  4. Gure esperientziak azaltzen digunez, askotan gatazkak konpontzeko orduan badira bake iraunkorra eskuratzeko lagungarriak diren aztertu beharreko beste gaiak. Ildo horretan, eragile ez bortxatzaileak eta ordezkari politikoak bil daitezen iradokitzen dugu, gai politikoak eta gaiarekin zer ikusirik dutenak eztabaidatzeko, herritargoa kontsultatuz, horrek guztiak gatazkarik gabeko aro berria sortzen lagun dezakeelako. Gure esperientziak azpimarratzen duenez, hirugarren parte hartzaileek, begiraleek edota laguntzaileek, elkarrizketa bideratzen laguntzen dute. Hemen ere, gatazkarekin zer ikusirik duten parteek horrela erabakiko balute, elkarrizketa nazioarteko laguntzaileen bidez ere bidera liteke.
  5. Errekomendazio hauen bideratzea aztertzeko Jarraipen Batzordea eratzeko prestutasuna adierazten dugu.

 

Read Full Post »

Kafe ebaki baten aurrean nago terraza honetan eserita. Uztaila, uda, opor usaina eta oso jende gutxi herrian; ni, irrifartsu. Arrazoi asko dagoz Euskal Herrian haserre egoteko, hala nola langabezi tasa ikaragarria, euskal presoen egoera zitala edo poliziaren presentzia itogarria; baina ni, irrifartsu.

Espainiako presidentziarako PSOE-ren hautagaiak –Alfredo Perez Rubalcaba- argi esan eban lehengoan errepresinoagaz kolpatzen jarraituko dabela ezker abertzalea eta horregaz batera Euskal Herriko independentista oro. “Fredoren” berbetan, ez dau gura “gerran irabazi ez deuskuena, bakean irabaztea”; eta ni, irrifartsu.

Datozen Espainiako hauteskundeek “Don Mariano” ipiniko ei dabe Moncloako aginte nagusian, eta gizon horrek ez gaitu lar maite Euskal Herria eraiki gura dogunok; beraz, “Fredok” agindutako errepresioa baretzeko asmorik ez ei dau gizonak. Hala ta guztiz be, nik irrifartsu jarraitzen dot terraza honetan nere ebakiaren aurrean –hoztuko jata, azkenean-.

Arnaldo Otegi Mondragon jaunak bateragune auziko azkenengo egunean esandako azkenengo berbei kasu egitea erabaki dot, “sonreir, porque vamos a ganar”. Arnaldo eta bere kideak beste ehunka militante abertzalegaz batera gartzeletako ziegetan dagoz orain, eta ni, ordea, terraza honetan ebaki hotz baten aurrean; baina, seguru nago, bakoitza bere neurrian, irrifartsu gagozala. Zergaitik?, ba horregaitik, lagunok, irabaziko dogulako; gure herriaren etorkizun oparoa irabazten hasi garelako. Sentitzen dot; Rubalcaba “jauna”, baina, Euskal Herria bakean askatuko da.

Read Full Post »

Gaur, beharrerako bidean, datorren ekainaren 27an abiatukoden auzia euki dot gogoan. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jazinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel serra epaituko dabez auzi horretan, eta epailea Angela Murillo anderea izango da -18/98 auzian izandako jarrera histerikoek eta Otegigaz izandako jarrera zekenagatik egin da ospetsu-.

Zortzi lagun horreei leporatzen jakiena zera da: polo soberanista eraiki gura izatea, ETAren aginduz, noski. Argudio bera erabiliz saiatu ziren BILDU legez kanpo uzten, eta Auzitegi Konstituzionalak bertan behera itzi eban saiakera hori; ematen dau zortzi lagun horrek BILDUren hastapenetan kokatzen dabela Polizia Nazionalak eta enparauek; baina, polo soberanista antolatzea delitu ez bada, zertara dator epaiketa hori?

Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz eta Miren kalean behar doguz, gugaz batera etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen -gainontzeko hirurak kalean dagoz, dagoeneko-, eta mota horretako epaiketa politikoak bertan behera gelditu behar dira.

Epaiketa honen kontrako uholdea eratu behar da Euskal Herrian; ostera be argi ikusi behar da, Euskal Herrian, konpoketa demokratikoaren aldeko harresi bat dagoela, herri osoaren kontrako erasoak errefusatzen dauzena.

Read Full Post »

Baten batek bidali deusku bideo honen lotura. Eskerrik asko, pilak kargetako itzela dalako.

                                                        Klikatu hemen

Read Full Post »

Gaur, beharrerako bidean hausnartutakoa idatzi barik, handik bueltan gogoan euki dodana kontatuko dautsuet; beraz, etxerako bidean deitu beharko neuskio atalari, gaur.

Argazki batek harrapatu nau gaur, goizetik. GARA egunkarian agertu da, eta, bertan, lagun talde bat dago; euren gainean, Zorionak Haritza dakar idatzita; euren behekaldean oparia 22an. Ez da oso azkarra izan behar Haritza dalako hori urteak bete barri dauzela , eta gartzelan dagoen euskal preso politiko bat dala ondorioztatzeko; argazkian dagozanak haren senide eta lagunak; hurkoek beragaz euki daben oroigarria da argazkia.

Agian Haritzak bisita edukiko dau datorren domekan, hilak 22, eta, beharbada opariren bat jasoko dau argazkiko lagunen aldetik. Seguru nago domekan bisitan joakozenek postaz bozkatu dabela, eta, baita be, Haritzak jasoko dauen oparirik inportanteena arratsaldeko 9ak inguru helduko jakola.

Hor ibiliko da Haritza, gainontzeko 700 euskal preso politikoak legez, irratiari itsatsita. Gehienek espainiar irratien bitartez eukiko dabe BILDUk lortuko dauen boto kopuruaren barri; gainera lerro artetik atera beharko dabez ondorioak, egun hartan, espainiar irratien gai nagusia PP-PSOEren arteko lehia izango dalako. Aurreko guztia, jakina, irratiren bat hurbil edukiz gero. Baina luze baino lehenago, helduko jakie “oparia”…

Hauteskunde honetako ahaztuenek itzelezko oparia jasoko dabe datorren domekan. Espetxetako hormen artean, animoak bor-bor dagoz, euren aurkako jazarpen bidegabea bezain indartsu. Euskal Herria ziklo politiko barrian sartzen dabil, eta preso dagozan militante abertzaleak be, horren protagonista dira, zelan ez…

Read Full Post »

Euskal Herrian ez dago demokraziarik, eta, horregaitik, ezinbestekoa da prozesu demokratiko bat abiatzea, gure herrira demokrazia ekarriko dauena eta aukera politiko danak, gauzagarri bihurtuko dauzena.

Prozesu demokratiko horren lehenengo helburua gitxieneko demokratiko batzuk eskuratzea izan beharko zan: Ezker Abertzalearen legalizazioa eta Euskal presoen egoera hobetzea. Zelan abiatu alderdien arteko hizketaldiak alderdi danak legalak ez badira; zelan berba egin konponbideen inguruan 750 militante abertzale, zulo usteletan sartuta edukita. Presoen egoera arindu egin behar da.

Ukaezina da BILDUren legalizazioak Euskal Herrian sortu dauen ilusinoa; inolako zalantza barik sano barri ona da era sasi-normalizatuan bozkatu ahal izango daben milaka eta milaka ezkerreko abertzaleontzat. Herri gehienetan, instituzinoetara itzuliko dira independentistak zortzi urtez horietatik kanpo egon ostean, eta, azken batean, kolorez beteko dira instituzino horiek, gehiengo artifizialak behingoz baztertuz.

BILDU erabat legalak diren bi alderdien arteko koalizioa da -EA eta Alternatiba-, eta, bertan, hainbat independiente sartu dira, baina, Ezker Abertzaleak ez dauka oraindik alderdi politiko legalik. Bestalde, Euskal presoen aurkako jazarpenak bere hartan dirau, eta jazarpen horrek gartzelak iztean be jarraitzen dau. Maiatzaren 22an hautestontzietatik irtengo diren emaitzek erabat aldatuko dabe mapa politikoa, eta hortik irtengo diren hautetsiek sekulako bultzada eman ahal izango dautsie prozesu demokratikoari

Oraingo kanpaina, BILDUren kanpaina da, eta baita be prozesu demokratikoarena. Animo ba, 10 egun besterik ez direla gelditzen; BILDUren aldeko boto bakoitza demokraziaren aldeko botoa be izango dala.

Read Full Post »

Older Posts »