Aurreko egunetan hasi ziren (Olentzeroren ingurukoak) baina pasa dan asteburuan, presoen eskubideen aldeko ekimenen itzelezko “kontzentrazinoa” eukin dogu gurean. Barikuan iragarri moduan, presoen eskubideen aldeko ekimenak egon zirean pasa dan asteburuan. Barikuan, hileko azkenengo barikua zala eta, kontzentrazinoak Igorre eta Lemoan. Mobilizazinoaren ostean Igorreko Lasarte Aretoan proiektatutako pelikulak (“Barrura begiratzeko leihoak“) bat egiten eban gaiarekin, bost euskal zuzendariren filma bost preso politikoren inguruan.
Zapatuan izan zan Enkantearen eguna. Urte batzutan Diman burutu ostean, Igorrera bueltatu zan gabonetako klasiko hau. Opariak potenteak zirean, txalaparta, Arratiako Futboleko Neskak edo Arratiako Zekorrek itxitako kamiseta edo danetariko objektuak, telebista, umeentzako gurditxoa. Taberna beteagaz eta sano giro onean joan zan dana, aurkezle barri eta guzti. Egoera ekonomikoa ez da munduko onena eta nabaritu egin zan batutako diruan.
Domeka izan zan dimoztarren eguna. Jai parte-hartzaile eta jendetsua burutu eben frontoi txikian. 11:00etatik margotze-beharrak hasita, mural erraldoia burutu eben, gero frontoi ondoan ipinteko (ikus argazkia), herriko alkatearen diskurtsoa, Herrira-ko ordezkari baten interbentzinoa, kantak, preso gaixoei agurra, bertsoak eta jantzak, Tubiren erakustaldia galtzu-altzetan (12 jasoaldi egin ebazan) eta presoei bisitan joaten diren 40tik gora dimoztarrei aitortza.
Astelehena izan zan urteko azkenengo eguna, abenduaren 31a, eta Arratia mailako manifestazino jendetsua burutu zan Igorreko kaleetatik, txistuaren doinuan. Amaieran, Arratiako errepresaliatuek euren lekutxoa eukin eben amaierako ekitaldian. Eduardo Perez de Anuzita eta Iñaki Bilbao Lemoako presoak, Tomas Linaza deportatu lemoaztarrak eta Ana Petralanda iheslari dimoztarrak. Bertako produktuen otzararen zozketa ere burutu zan amaieran. 1.035 izan zan zenbaki sariduna.
Eta urte barriagaz, hau ez da amaitzen. Hileko lehenengo barikua dala-eta, kontzentrazinoa burutuko da bihar Diman, 19:00etan. Eta urtarrilaren 12an, herri mobilizazino orokorra Bilbon.
Lehenengo argazkiak Dimakoak dira, domekakoak eta azkena, Igorrekoa, astelehenekoa. Eskerrik asko argazkilariari bidaltzearren.



















