Hileko azkenengo barikuan kontzentrazinoa burutu eban Herrira-k Igorren. Bertan, mosaiko antzerako irudi bat osatu eben bertaratutakoek, kalearen bi aldeetan jarrita, kareta eta guzti. Kontzentrazinoaren amaieran, jarraian dozuen agiria irakurri eben, Igorreko udalean presoen gaixoen inguruan gertatutakoa jasoten dauana:
Arrastion danori,
Urteak daroaguz azkenengo barikuetan euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde kalera urtetan. Gaurko deialdiaren lema, argia da, “bizi osorako doktrina eten. Preso gaixoak herrira”. Asko gara hori defetzen dogunak eta aste honetan, preso gaixoen gaia Igorreko Udaletxera be heldu da. Bilduk mozinoa sartu eban eta pasau dan asteleheneko plenoan irakurri eta eztabaidatu zan. Holan esaten eban Bilduren mozinoak (laburtu egin dogu):
Josu Uribetxeberriaren baldintzapeko askatasunaren ostean, beste hamahiru dira gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan presoak eta aipatutako argudio bardinak kontuan eukinda, kaleratu behar direanak. Hamahiru preso eta beraien senitartekoak zigor gehigarria dabiz sufritan. Preso honeri baldintzapeko askatasuna ukatuz, giza eskubideen oinarrizko zutabeak urratzen ari dira Madrilgo arduradun politikoak. Nazioarte zein estatu espainiarreko araudi, zuzenbidearen printzipio eta giza eskubideen aldeko aldarrikapenek, gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan pertsona presoen eskubideak errespetatzeko beharra adierazten dabe. Gaixotasun larri eta sendaezinak dabezan pertsona horreek, beharrezkoa daben tratamendua eta zaintza medikua behar bezalako baldintzetan jasotzea, oinarrizko eskubidea dalarik.
Hau guztia kontutan harturik, honako puntu honeek aurkezten doguz Osoko Udal Batzarrera, bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:
1.-Udal honek, preso gaixoen egoera larriaren aurrean, bere kezka adierazten du. Era berean indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginaz, urrats errealak emateko deia egiten dio Madrigo gobernuari.



