Feeds:
Postak
Iruzkinak

‘igorreko herria’ laburpen hitzak dituzten postak

Azaroaren 25a da gaur. Emakumeenganako biolentziaren kontrako nazioarteko eguna. Biolentzia sexistaren kontra ohartarazi eta gaiaren inguruan mobilizatzeko eguna. Arratiako herrietan hainbat jarduera burutu da egunotan eta gaur, kontzentrazinoa burutu dabe Igorreko Kultur Etxean parean hamarnaka lagunek.

Honen aurretik, martxa more hirukotxa burutu dabe Arratiako herrietan barrena. Zeanuritik urten dau zutabe batek, Dimatik besteak eta Lemoatik hirugarrenak. Igorren, kontzentrazinoaren aurretik aldarrikapen ibiltaria burutu dau Noka emakume taldeak, musikaz, panpina erraldoiz, kartel eta pegatinaz kaleak betez.

Eguerdiko ordubaterako egoan deituta kontzentrazinoa. Askok erantzun deutsoe morez jantzita joateko eskariari eta kolorez bete dabe aldarrikapena, bandera eta abarregaz. Ordezkari instituzionalak be bertan izan dira, inguruko herrietako alkate eta zinegotziak. Ostean, komunikatua irakurri dabe Kultur Etxeko plazan eta poteo moreo hasi.

Egunagaz lotutako ekimenakaz amaitzeko, gogoratu 30ean Emakumea kirolean egitasmoaren diagnostikoaren aurkezpena burutuko dabe eta abenduaren 1ean antzerkia egongo da Igorren, “Hitzak“.

Read Full Post »

Igorreko Udalak omenaldia antolatu eutson urriaren 26an Timoteo Atutxari bere erailketaren 75. urteurrenean; horren harira, prentsa-oharra zabaldu dau. Honela dino aipaturiko prentsa-oharrak hitzez hitz:

Timoteo Atutxa igorreztarra erail ebenetik 75. Urteurrenean aitortza ekitaldi beroa antolatu eban Igorreko Udalak.

Omenaldia urriaren 28an izan zan Goiko plazan. Eguraldiak lagundu ez arren jende asko bildu zan. Timoteo Atutxa Petralanda Eusko Alderdi Jeltzaleko eta Arratiako Uri Buru Batzarreko agintari buruen Igorreko Batzokiko batzarreko kide izan zan idazkari kargua zeukalarik. 1936ko hauteskunde orokorretan Igorreko Eusko Alderdi Jeltzaleko arduraduna izan zan . Sabin Etxeko batzordeko kide be izan zan.

1937ko abuztuaren 5an Larrinagako kartzelara eraman eben, nahita. Han hilobiratu eben, eta gaur egun, bere emaztearen borondatez, bere hazurrak han jarraitzen dabe.

 Timoteoren ilobak hartu eban berbea. Euren aititak kartzelan egoanean idatzitako gutunen atal batzuk irakurri ebazan eta txistulariek lagunduta herriiko jantzariek agurra dantzatu eutsien.Ekitaldiaren amaieran plaka bat agiritu eben Timoteoren familiakoek, berari eta askatasunaren alde bizia galdu eben danen omenez Igorreko Goiko Plazan dagoana.

Read Full Post »

“Auzolana auzotar, herritar, lagun eta bizikideen artean lankidetzan zereginak egiteko sistema da, Euskal Herriko landa lurretan oso sustraitua. Hasiera batean, auzokoen artean egindako lanak (batik bat herriko eta basoetako toki komunetan) adierazteko erabili ohi zen. Gaur egun lankidetzaren sinonimotzat erabiltzen da.”

Wikipedian begiratuz gero, aurreko hori da auzolanaz emoten dan azalpena. Gure inguruetan, asko dira auzolanaz emon litikezan adibideak, hala nola bideen garbiketa, txarriak hiltea,…  Badira hainbat kontu auzolanaren bitartez konpondu izan  direnak gure herrietan. Azken batean, onura kolektiboa helburua dauen behar kolektiboa besterik ez da auzolana.

Igorreko udaletik gogoz saiatzen dabiz auzolana bizitza esparru barrietara eroaten: zuhaitz egunaren ereiteak, errekearen garbiketa, eta, orain, iturrien konponketa. Aurreko domekan, hamarren bat lagun batu ziren, eta, Igorreko udalak euren esku jarritako materialagaz Orobiko iturrira joan ziren;  iturria tokiz aldatzea erabaki eben, eta banku batzuk ipinten ibili ziren. Hurrengo batean jarraituko dabe Orobiko iturriagaz, eta horregaz amaitzerakoan, badira herrian konpontzeke dagozan iturri gehiago.

Baten batek esango dau deialdiak ohiartzun eskasa euki ebala; nik, ordea, ez. Abiapuntua da hori. Erabat baztertuta egon dan gauzak egiteko modua berreskuratze bidean, nonbaitetik hasi behar da. Auzolana zabaldu egin behar da, promozionatu egin behar da. Bide hortan dagozanei animoak bidali gura dautsiedaz hemendik eta gainontzekoei bide horretan sartzeko deia luzatu gura dautsiet.

 

Read Full Post »

Read Full Post »

Oin dala urte batzuk (30etik gora) abuztuaren 15ean izaten zirean Igorreko jaiak, andramarietan. Orduan, jaietako fetxa aldatu eta bagilean ospatzen ari zirean, sanantonio inguruan, abuztuan herritar asko oporretan egoazela eta. Ordutik hona, andramari indarra galduaz joan da, sanantonioak indartuz joan diren neurrian. Baina andramariak ospatu, ospatzen dira, aurten “udako jai” moduan berbataiatuta.  

Abuztuaren 10an hasi zan aurtengo egitaraua, Igorreko 26. futbol torneoagaz, gizonezko lau taldek jokatua. Bariku eta zapatuan final-erdi bana eta domekan final handia. Partidu guztiak Urbieta futbol zelaian jokatu zirean. Arratiak Durangoko Kulturalaren kontra galdu eban lehenengoa, 0-1. Bigarrenean, Amorebietak Sondika garaitu eta azkenean, Amorebieta eta Kulturalak jokatu eben finala. Amorebieta gailendu zan, 2-1.

 Abuztuaren 15ean, goizean, Ziklista Gazteen 36. Igorreko Sari Nagusia burutu zan, futbol zelaitik urtenda eta eguerdian Agirre Lehendakarian amaitu zana.

 Baina ez zan kirola ikusteko aukera bakarra izan. Pilota partiduak be egon zirean goiko frontoian. Promesetan Izei eta Mendiolak jokatu eben Zilaurren eta Bilbaoren kontra. Nagusietan, Markina-Arkotxak, Arrese eta K. Galarzaren kontra jokatu eben. Bigarren partidua bertan behera gelditu zan euriagaitik. Ostean barauskarria Goiko plazan. Jateko eta edatekoak trikitxa doinutan.

 Arrastian, karta jokoa egon zan Beheko plazan. 12 bikotek hartu eben parte briskan eta 9k musean, azken urteotako kopururik altuena. Banaketa betikoa, gizonezkoak musean eta andrazkoak briskan, baina mutil gazteren batzuk be apuntuta zirean azken honetan. Gauzak aldatzen dabizen seinale? Auskalo! Briskan, Irene eta Hilarik irabazi eben finala, Aitor eta Unairen aurrean. Hirugarrenak Tere eta Simona izan zirean eta laugarrenak, Maria Luisa eta Maria Angeles.

 Igelean, 21 parte hartzaile, andra zein gizonezko. Hiru tiradatako lehen errondaren ostean Fermin txapeldun, fitxa bi sartuta. Beste lauk sartu eben fitxa bakarra eta lehen desenpatearen ostean Gorkak lortu eban bigarren saria. Iñigo izan zan hirugarrena eta Urko eta Galder, laugarrenak biak, desenpatu ezinda.

 Iluntzean, eguna borobiltzeko, sangria eta Jokaldi. Eta jentea, ume zein nagusiak, jantzan gustura, hemengo eta hango doinuekaz. Erromeriaren tartetxo bat egin eta mus, briska eta igel txapelketako sariak banatu ebezan alkate eta zinegotziek. Jai xumeak, baina euren lekutxoa lortu dabenak.

Read Full Post »

Udalaren webgunean, igorre.net-en, irakurri dogu barria (aurreko batzarretako aktak bertan eskuragai):

Parte-hartzea antolatzeko prozesua

 

Zelan hartu ahal dot parte Igorreko herrigintzan?

Galdera hori eta beste hainbat erantzuteko aukera eukiko dogu ondorengo hilabeteetan. Izan be, Igorreko Udalak parte hartzeko demokrazian sakontzeko beste pauso bat emon gura dau, eta horretarako herritarrakaz eurakaz zehaztu gura dau aurrerantzean gure herrian Udala eta herritarren arteko lankidetza non, zelan, zertan… gauzatuko dan.

2011ko udagoienean bi foro egin genduzan herritarrakaz orain arteko esperientziak baloratu eta aurrera begira hobetzekoak identifikatzeko. Ikasketa horreetatik abiatuta, udaberri honetan aurrera begira jarriko gara eta alkarregaz gure udalerriaren nahi eta beharretara egokitutako parte hartzeko sistema sortu gura dogu.

Azken 2 foroak ekainaren 21an eta 28an.

Egunak: ekainaren 21ean eta 28an
Lekua: Igorreko Kultur Etxea
Ordua: 18:00-20:30

Read Full Post »

Berbaldia emoten etorriko da Juan Manuel Sánchez Gordillo, Marinaledako alkatea, udalgintza parte-hartzailearen eta bere herriko esperientziaren inguruan. Udalaren Komunikazino eta parte-hartze sailetik antolatutako ekimena da, Igorreko Udala herritarren parte-hartzearen inguruan egiten ari dan beharraren barruan.

Pasa dan abenduan foro bi antolatu zirean Udalaren eskutik Igorreko parte-hartze sistema osatzen hasteko. Saioetako batean, kanpoko esperientziak ezagutarazi zirean, Otxandiokoa bata eta Marinaladekoa bestea. Hemen dekozue aurkezpenerako erabili zan powerpointa Marinaleda aurkezpena interneterako

Gordilloren berbaldia apirilaren 23an burutuko da, astelehenez, Igorreko Kultur Etxean, 20:00etan.

Read Full Post »

Inauteriak izango dira akaso, urtean zehar dagozan jairik herrikoienak eta espontaneoenak, zeozegaz mozorrotu eta kalera, gozatzera!

Gure herrian asko aldatu da gai honen inguruko egoera azkenengo hamarkadetan. Gogoan daukagu oin dala urte batzuk zapatu gauez hilerria izaten zala gure herria eta mundu guztiak hanka egiten ebala, Galdakaora edo bibora, parrandara.

Tabernak hasi zirean lehenengo, mozorro lehiaketak eta argazki erakusketak antolatzen. Orduan giroa pizten hasi zan, apurka-apurka.

Gero, rugykoak euren jaia egiten hasi zirean, bazkariak, pailazoak, kontzertuak… eta gero eta giro hobea.

Aurten, guraso elkartekoak eta Arantzartekoak be animatu dira euren ekarpena egitera. Desfilea egingo dabe, euskal inauteri tradizionaletako mozorroak erabilita. AMEkoan eskutik, Jokaldi egongo da aterpean (AME inauterietan jokaldi)

Erratu barik ezin geinke Igorren, gero eta inauteri hobe eta parte-hartzaileagoak dagozala, eta dana, herritarren erantzunari esker. Gora herria!

Read Full Post »

Atzo burutu zan herrian parte hartzearen inguruan egin beharreko bi foroetatik lehenengoa. Helburua, herriko parte hartze sistema antolatzen joatea. Abiapuntua, orain arte herrian egondako parte hartze prozesu ezbardinak aztertzea, Igorren ez garealako zerotik hasten: aurrekontuak, plenoak, Agenda 21eko ekintza-plana, jai-batzordea, berdintasun-plana, euskara plana, immigrazino-plana edo San Juaneko espaloia, besteak beste.

Elhuyar-eko teknikari biren gidaritzapean, ordu bi eta erdiko saio intentso eta interesgarria burutu genduan han alkartutako 60 igorreztarrok. Bertaratutakoen artean, alkate eta zinegotziak, udaletxeko beharginak, alkarteetako ordezkariak eta herritarrak, parte hartzearen inguruko interesa daukien herritarrak.

Saioan zehar ariketa ezbardinak egin zirean, orain arte herrian egondako esperientziak taldeka baloratuz eta gero, plenarioan, talde bakotxean urtendako ondorioak eta aurrera begirako ideiak azalduz.

Amaieran, erronda bat egin genduan bertaratutakook, banan-banan, saioa berba batean laburtuz. Balorazino gehienak sano positiboak izan zirean, giro ona nabarmenduz. Egia esan, ederto baten pasatu genduan!

Hurrengo saioa, abenduaren 15ean burutuko da, 18:00etan Kultur Etxean, eta hiru ordutako iraupena eukingo dau. Bertan, besteak beste, kanpoko esperientzia parte-hartzaileak aurkeztuko dira.

Read Full Post »

Igorren bost urte daroaz udalak, herritarren laguntasunagaz, aurrekontuak modu parte-hartzailean egiten. Aurten, eta Bildukoek Arratian lortutako emoitza ikusgarrien ostean (Igorre, Lemoa eta Dimako alkatetzak), beste herri batzutara be zabaldu dira antzerako ekimenak, adibidez, Lemoara.

Urriaren 8an Bildukoek mintegia egin eben Igorren, eta aurrekontu parte-hartzaileen inguruko kasu praktikoa azaldu eben, gure herrikoa, hain zuzen be. Jarraian bideoa:

Read Full Post »

Older Posts »