Feeds:
Postak
Iruzkinak

‘igorreko jaiak’ laburpen hitzak dituzten postak

Oin dala urte batzuk (30etik gora) abuztuaren 15ean izaten zirean Igorreko jaiak, andramarietan. Orduan, jaietako fetxa aldatu eta bagilean ospatzen ari zirean, sanantonio inguruan, abuztuan herritar asko oporretan egoazela eta. Ordutik hona, andramari indarra galduaz joan da, sanantonioak indartuz joan diren neurrian. Baina andramariak ospatu, ospatzen dira, aurten “udako jai” moduan berbataiatuta.  

Abuztuaren 10an hasi zan aurtengo egitaraua, Igorreko 26. futbol torneoagaz, gizonezko lau taldek jokatua. Bariku eta zapatuan final-erdi bana eta domekan final handia. Partidu guztiak Urbieta futbol zelaian jokatu zirean. Arratiak Durangoko Kulturalaren kontra galdu eban lehenengoa, 0-1. Bigarrenean, Amorebietak Sondika garaitu eta azkenean, Amorebieta eta Kulturalak jokatu eben finala. Amorebieta gailendu zan, 2-1.

 Abuztuaren 15ean, goizean, Ziklista Gazteen 36. Igorreko Sari Nagusia burutu zan, futbol zelaitik urtenda eta eguerdian Agirre Lehendakarian amaitu zana.

 Baina ez zan kirola ikusteko aukera bakarra izan. Pilota partiduak be egon zirean goiko frontoian. Promesetan Izei eta Mendiolak jokatu eben Zilaurren eta Bilbaoren kontra. Nagusietan, Markina-Arkotxak, Arrese eta K. Galarzaren kontra jokatu eben. Bigarren partidua bertan behera gelditu zan euriagaitik. Ostean barauskarria Goiko plazan. Jateko eta edatekoak trikitxa doinutan.

 Arrastian, karta jokoa egon zan Beheko plazan. 12 bikotek hartu eben parte briskan eta 9k musean, azken urteotako kopururik altuena. Banaketa betikoa, gizonezkoak musean eta andrazkoak briskan, baina mutil gazteren batzuk be apuntuta zirean azken honetan. Gauzak aldatzen dabizen seinale? Auskalo! Briskan, Irene eta Hilarik irabazi eben finala, Aitor eta Unairen aurrean. Hirugarrenak Tere eta Simona izan zirean eta laugarrenak, Maria Luisa eta Maria Angeles.

 Igelean, 21 parte hartzaile, andra zein gizonezko. Hiru tiradatako lehen errondaren ostean Fermin txapeldun, fitxa bi sartuta. Beste lauk sartu eben fitxa bakarra eta lehen desenpatearen ostean Gorkak lortu eban bigarren saria. Iñigo izan zan hirugarrena eta Urko eta Galder, laugarrenak biak, desenpatu ezinda.

 Iluntzean, eguna borobiltzeko, sangria eta Jokaldi. Eta jentea, ume zein nagusiak, jantzan gustura, hemengo eta hango doinuekaz. Erromeriaren tartetxo bat egin eta mus, briska eta igel txapelketako sariak banatu ebezan alkate eta zinegotziek. Jai xumeak, baina euren lekutxoa lortu dabenak.

Read Full Post »

Barikuan hasi zirean Igorreko jaiak, Agustin aguazilak txosnetatik bota eban txupinazoagaz. Bueno, lehenago hasi zirean, herri-bazkariagaz (bakotxak etxetik ekarritako janariagaz) eta Zaztaparrak-en eskutik etozen umeentzako tailerrakaz.

33 urtean Igorreko jaietan beharren ibili ostean, Agustin izan zan eguneko protagonista, gazteei zuzendutako mezu eta guzti. Ostean  etorri zirean karro-karrerea, txoznak, tabernak, barrakak, katxondeoa eta parrandarako gogoa. Txoznetako DJak zeresana sortu eban (askori ez jakien gustatu) baina martxa onean joan zan dana barikuan, jente gitxitxogaz.

Zapatua goizetik hasi eben askok, Intxaurbizkar alkarteak deitutako apustuaren deiari erantzunda. Euskararen alde 1.000 kilometro egitea zan kontua, goizeko 9etatik gaueko 9etara; erdigunetik, paellak egin zirean lekurainoko zirkuituan zehar. Eta erraz gainditu zan erronka, ia 400 parte-hartzailek 1.600 kilometrotik gora egin genduzalako.

Bezperan baino askoz jende gehiago ebilen zapatuan, eta bitxikeria moduan edo, goizago hasi zirean kontzertuak txoznetan (alderantziz izaten da normalean): Tapakubos arratiarrak gonbidatu eta guzti, Enkore Errekaldekoak eta Stupenda Jones. Bitartean, Herrira-koen ekitaldi laburra, dispertsinoa eta urrun dagozan euskal preso eta iheslari politikoak oroituz. Iñaki Bilbao lemoaztarra bihurtu zan eguneko protagonista, autobusa antolatu zalako zapatuan Arratiatik bera preso dagoen Zuerako kartzelaraino. Martxan parte hartutako Lemoako kide batek berbea hartu eban ekitaldian.

Domeka, hirugarren eguna, biharamuna eta atsedena. Kultur Etxean, umeentzako Mihiluze arrakastatsua. Eta hau, hasi besterik ez da egin!

Read Full Post »

Arratiako errepresaliatuak, Edu Perez de Anuzita igorreztarra, Iñaki Bilbao eta Tomas Linaza lemoaztarra eta Ana Petralanda dimoztarra gogoan eukingo doguz jaietan.

Zapatuan Zuerara martxa egongo da autobusez. Bertan dago Iñaki Bilbao, kartzelan 20 urte bete dauzen arratiarra.

Igorren ekitalditxoa egingo da zapatuan txosnetan, gauerdi inguruan, ohitura dan moduan.

Read Full Post »

Urtero moduan, eta ia igirri barik, hemen dagoz sanantonioak, Igorreko jaiak. Igirri barik dinogu baina zalantza barik, komisinokoak konturatuko zirean, gogotik egin dabelako behar, otsailetik hasita, igorreztar guztientzako jaiak antolatzen, herrikoiak eta parte-hartzaileak. Zorionak eta eskerrak eurei, gozatzeko eta egunerokotasun ilunari barre egiteko aukera emoteagaitik. Mundua goitik behera aldatzen da jaietan, egunerokotasuna irauli eta gehiegikeriaren bat egin be bai. Eta ezinezkoren bat, posible bihurtuko da.

Azkenengo Begitun irakurri ahal izan dogunetik (Beg 165, 5. or), “Euskararen alde 1.000 km baietz” erronka izango da aurtengo barrikuntzetako bat, Intxaurbizkar-ek antolatuta.

Programan topatuko doguz frontenisa, eskalada, futbitoa, umeentzak eta jubilatuentzako jarduerak, tortila, makailau eta paella txapelketak, plabacka, rugbya, pelota, txirrindularitza, herri-afaria, kontzertuak eta berbenak (eta ahiztu jakuzan guztiak)… Eta ohiko txoznak. Plan ezinhobea. Pena, urtean asteburu bi baino ez izatea!

Aurtengo jaietako kartela, Iñigo Iruarrizagak diseinatua (berak irabazi eban lehiaketa).

Read Full Post »

 10:30. GAZTE MAILAKO ZIKLISTA LASTERKETA. XXXIII. ANDRAMARI SARIA

Agirre Lehendakarian hasi eta amaitu.

11:30. ESKU-PELOTA PARTIDUAK GOIKO PLAZAKO FRONTOIAN

22tik beherakoak: Izei-Bilbao // Zilaurren-Olabarrieta

Nagusiak: Arrese-Ajuria // Markina-Kantxo

12:00. MEZA ANDRAMARI PARROKIAN

12:40. BARAUSKARRIA GOIKO PLAZAN TRIKITILARIEKAZ

16:30. MUS ETA BRISKA TXAPELKETAK BIKOTEKA BEHEKO PLAZAN

(Izen emotea 16:00etatik hasita)

Sariak: 1. 40 € eta txanpana 2. 30 € eta txanpana 3. 20 € eta txanpana 4. Txanpana

17:00. UMEENTZAKO TAILERRAK LURRARINAK GAZTE ASANBLADAREN ESKUTIK BEHEKO PLAZAN

3-8 urte arteko umeentzako.

18:00. IGEL TXAPELKETA BEHEKO PLAZAN

(Izen emotea 17:30etatik hasita)

Sariak: 1. 40 € eta txanpana 2. 30 € eta txanpana 3. 20 € eta txanpana 4. Txanpana

19:00 ERROMERIA JOKALDIGAZ BEHEKO PLAZAN

Sangria debalde egarria kentzeko.

FUTBOLA. XXV. ANDRAMARI TORNEOA.

 Abuztuak 12 barikua, 18:00. Arratia-Amorebieta

Abuztuak 13 zapatua, 18:00. Lemoa-Durangoko Kulturala

Abuztuak 14 domeka, 18:00. FINALA

 Partiduak futbol zelaian izango dira

Read Full Post »

igorreko_jaiak_2011_cartel(2)

Kartela eta egitaraua ikusteko, goiko loturan sakatu.

Txupinazoaren aurreko azken txanpan sartuta, Jai Batzordekoak zoriontzea baino ez jaku gelditan guri (eta jaiez gozatzea, zelan ez). Zergaitik? Jai herrikoi eta parte-hartzaileak antolatu dabezelako Igorren, herritik herrira. Debalde behar eginda, inoren esker onik eskatu barik.

Atzo gauean be fin-fin ikusi genduzen, beste batzuk poteoan genbiltzan bitartean tabernaz taberna jaietako zapiak banatzen; eta badakigu, orain arte behar piloa egin dabela, agirien zein ezkutuen. Gauzak ez dira berez egiten. Biba zuek!

Read Full Post »

Sanantonioetarako motorrak berotzeko, Basauntzeko jaiak asteburu honetan, Basauntz ekinean-ekoen eskutik, auzoak bizi-bizirik dagozan seinale. Auzoetan be, jaiak herrikoiak eta parte-hartzaileak!

Read Full Post »

Ekainetik irailera Igorreko hainbat auzotan egoten dira jaiak. Batzuk  potenteagoak eta beste batzuk apaltxoagoak. Ekainean izan zirean santxismeak, sanantonioak eta sanjuanak. Uztailean sankristobalak. Abuztuan andramari eta irailean, sanantolinak eta sanmigelak. Badago nondik ibili!

Hurrengoak andramariak izango dira, herritik alde egin ez dabenentzat, datorren domekan.

Read Full Post »