Feeds:
Postak
Iruzkinak

‘jaiak’ laburpen hitzak dituzten postak

Oin dala urte batzuk (30etik gora) abuztuaren 15ean izaten zirean Igorreko jaiak, andramarietan. Orduan, jaietako fetxa aldatu eta bagilean ospatzen ari zirean, sanantonio inguruan, abuztuan herritar asko oporretan egoazela eta. Ordutik hona, andramari indarra galduaz joan da, sanantonioak indartuz joan diren neurrian. Baina andramariak ospatu, ospatzen dira, aurten “udako jai” moduan berbataiatuta.  

Abuztuaren 10an hasi zan aurtengo egitaraua, Igorreko 26. futbol torneoagaz, gizonezko lau taldek jokatua. Bariku eta zapatuan final-erdi bana eta domekan final handia. Partidu guztiak Urbieta futbol zelaian jokatu zirean. Arratiak Durangoko Kulturalaren kontra galdu eban lehenengoa, 0-1. Bigarrenean, Amorebietak Sondika garaitu eta azkenean, Amorebieta eta Kulturalak jokatu eben finala. Amorebieta gailendu zan, 2-1.

 Abuztuaren 15ean, goizean, Ziklista Gazteen 36. Igorreko Sari Nagusia burutu zan, futbol zelaitik urtenda eta eguerdian Agirre Lehendakarian amaitu zana.

 Baina ez zan kirola ikusteko aukera bakarra izan. Pilota partiduak be egon zirean goiko frontoian. Promesetan Izei eta Mendiolak jokatu eben Zilaurren eta Bilbaoren kontra. Nagusietan, Markina-Arkotxak, Arrese eta K. Galarzaren kontra jokatu eben. Bigarren partidua bertan behera gelditu zan euriagaitik. Ostean barauskarria Goiko plazan. Jateko eta edatekoak trikitxa doinutan.

 Arrastian, karta jokoa egon zan Beheko plazan. 12 bikotek hartu eben parte briskan eta 9k musean, azken urteotako kopururik altuena. Banaketa betikoa, gizonezkoak musean eta andrazkoak briskan, baina mutil gazteren batzuk be apuntuta zirean azken honetan. Gauzak aldatzen dabizen seinale? Auskalo! Briskan, Irene eta Hilarik irabazi eben finala, Aitor eta Unairen aurrean. Hirugarrenak Tere eta Simona izan zirean eta laugarrenak, Maria Luisa eta Maria Angeles.

 Igelean, 21 parte hartzaile, andra zein gizonezko. Hiru tiradatako lehen errondaren ostean Fermin txapeldun, fitxa bi sartuta. Beste lauk sartu eben fitxa bakarra eta lehen desenpatearen ostean Gorkak lortu eban bigarren saria. Iñigo izan zan hirugarrena eta Urko eta Galder, laugarrenak biak, desenpatu ezinda.

 Iluntzean, eguna borobiltzeko, sangria eta Jokaldi. Eta jentea, ume zein nagusiak, jantzan gustura, hemengo eta hango doinuekaz. Erromeriaren tartetxo bat egin eta mus, briska eta igel txapelketako sariak banatu ebezan alkate eta zinegotziek. Jai xumeak, baina euren lekutxoa lortu dabenak.

Read Full Post »

Barikuan hasiko da gizonezkoen futbol torneoa eta datorren asteko eguaztenean, abuztuaren 15ean, izango dira ekintza gehienak.

Read Full Post »

Urtero moduan, eta ia igirri barik, hemen dagoz sanantonioak, Igorreko jaiak. Igirri barik dinogu baina zalantza barik, komisinokoak konturatuko zirean, gogotik egin dabelako behar, otsailetik hasita, igorreztar guztientzako jaiak antolatzen, herrikoiak eta parte-hartzaileak. Zorionak eta eskerrak eurei, gozatzeko eta egunerokotasun ilunari barre egiteko aukera emoteagaitik. Mundua goitik behera aldatzen da jaietan, egunerokotasuna irauli eta gehiegikeriaren bat egin be bai. Eta ezinezkoren bat, posible bihurtuko da.

Azkenengo Begitun irakurri ahal izan dogunetik (Beg 165, 5. or), “Euskararen alde 1.000 km baietz” erronka izango da aurtengo barrikuntzetako bat, Intxaurbizkar-ek antolatuta.

Programan topatuko doguz frontenisa, eskalada, futbitoa, umeentzak eta jubilatuentzako jarduerak, tortila, makailau eta paella txapelketak, plabacka, rugbya, pelota, txirrindularitza, herri-afaria, kontzertuak eta berbenak (eta ahiztu jakuzan guztiak)… Eta ohiko txoznak. Plan ezinhobea. Pena, urtean asteburu bi baino ez izatea!

Aurtengo jaietako kartela, Iñigo Iruarrizagak diseinatua (berak irabazi eban lehiaketa).

Read Full Post »

Asteburu betea eukin dogu Igorren, sano eskaintza bereziagaz eta herritarren partehartze handiagaz, bai bariku zein zapatuan.

Zapatuan Arratiako Merkatarien Elkarteak 2011ko AMEko Jaia antolatu eban, Igorren erosi lemagaz. Egitaraua danatarikoa. Goizean, globo handi bat, espero baino denbora gitxiago egon ahal izan zana haizeagaitik. Arrastian, txakurren erakustaldia, artzain beharrak zein umeakaz terapia egiten dabenak. Horren ostean, txahal errea, pintxoak eta txoznan trago bat hartzeko aukera.

Atzo barriz Garbeko azoka egin zan. Deia-n irakurri ahal izan dogunagaitik, postu gitxiago egon da aurten, krisia dala eta. Bizkaiko aspaldikoenetakoa da 1975.etik hona egiten dan azoka hau, Gueñesekoagaz batera.

Read Full Post »

igorreko_jaiak_2011_cartel(2)

Kartela eta egitaraua ikusteko, goiko loturan sakatu.

Txupinazoaren aurreko azken txanpan sartuta, Jai Batzordekoak zoriontzea baino ez jaku gelditan guri (eta jaiez gozatzea, zelan ez). Zergaitik? Jai herrikoi eta parte-hartzaileak antolatu dabezelako Igorren, herritik herrira. Debalde behar eginda, inoren esker onik eskatu barik.

Atzo gauean be fin-fin ikusi genduzen, beste batzuk poteoan genbiltzan bitartean tabernaz taberna jaietako zapiak banatzen; eta badakigu, orain arte behar piloa egin dabela, agirien zein ezkutuen. Gauzak ez dira berez egiten. Biba zuek!

Read Full Post »

Sanantonioetarako motorrak berotzeko, Basauntzeko jaiak asteburu honetan, Basauntz ekinean-ekoen eskutik, auzoak bizi-bizirik dagozan seinale. Auzoetan be, jaiak herrikoiak eta parte-hartzaileak!

Read Full Post »

Orain dala hamarkada batzuk, Andramariak zirean herriko jai nagusiak, abuztuaren 15ean. Denboragaz, Sanantonioak hartu eben honein lekua, bagillaren 13an. Arrazoia? Auskalo! Akaso, abuztuan jende ugarik hanka egingo eban oporretan herria hutsik itxita. Halan da be, Andramariak ondino ospatzen dira, Udalak antolatuta. Egitaraua, iazkoaren antzekoa izan zan eta protagonista, sargori itogarria (eta iluntzeko euria). Goizean, esku-pelota partiduak kiroldegian eta kadete-mailako ziklista lasterketa. Klasiko bi. 12etan meza nagusia. Ostean, trikitilariak eta luntx elegante eta ugaria.

Arrasti partean, mus eta briska txapelketak, anbulategi kontrako gerizpean. Briskan 8 bikote (gehientsuenak andrak) eta musean bi baino ez (biak gizonezkoek osatuta). Sangria be prestatu eben (ederto sartzen zan egoan beroagaz) eta ostean etorri zirean kartan sari-banaketea eta Jokaldi-ren emonaldia. Martxa ederrean joan zan dana; umeak, ameak eta ezkontaurreko “despedidan” egoan neska kuadrila bat be jantzan. Gero, eguraldi aldaketea, programan agertu ez arren. Hasieran lau tantakada jausi zirean, eta gero, itzelezko zaparrada bota eban, Beheko plaza “garbi” itxi arte. Musikoek be jantzaldia eten eben. Atertu ebanean, barriro hasi ziren ekinean, baina jente gitxiagogaz, 10ak inguruan dana amaitu arte.

Honetaz aparte, Futbol torneoa be egon zan zapatu eta domekan. Bertako taldeak, Arratiak, ez eban finalera helduterik izan zapatuan 1-3 galdu ostean.

Read Full Post »

Danok ere ez gara oporretan joaten, eta Andramarietako jaiak eukingo doguz laster.

Andra mariak 2009

Read Full Post »

Bitxiak izaten dira, deigarriak, ederrak. Bizitza ukatuta dagoala emoten dauan lekuetan sortzen dira, oasi txikien antzera. Kolorea emoten deutsie basamortu idorrari. Baina Arratian ez dago basamorturik, ala bai? Ez al da egia Arratia osoa basamortua dala (edo izan dala) hainbat esparrutan?

Lemoako Gaztetxea da (eta 10 urte luzetan bizitza emon deutson asanblada) inguruan topatu daikegun basamortuko loreetako bat. Asperdurari eta grisari aurre egiteko kolore eta ilusinozko eztanda. Ingurukoa gustuko ez danean, “egik/ne heuk” (“do it yourself”). Berba bitan: irudimena eta autogestinoa. Danetaz paso egiten ei daben gazteek euren buruarentzako eta herriarentzako orokorrean egiten dabe behar, “by the face”. Txalotzekoa, are gehiago Udala eta beste batzuk behar besteko babesa emoten ez dabenean. Holan kontetan dabe euren sorrera, natural, Begitu15-en egindako alkarrizketan (8. or): “Lagun talde batek sortu eban, Lemoan ez egoalako eurentzako ezer. Ikusi eben be Lemoako gazteria egoala bakotxa bere airera, ez zirala batzean. Gauza biengaitik pentsau eben batzar batera deitzea gazteria eta hor ebatzi zan Gazte Asanblada sortutea”.

Lemoako jaiekaz batera, 10. urteurrena betetzen dabe (zorionak!) eta egitarau potentea prestatu dabe, betiko antzean. Gainera, euren herriko jaietako “pregoneru” be izango dira aurten. Hori eta gehiago mezidu dabe. Noz izango dan? Eguenean (hilak 30) 19:00etan Udaletxe aurrean. Bertan egongo gara belarritik tirituteko eta “konpainia noblean” zerbezatxu bat hartzeako.

Loreak

Read Full Post »

Ez dago jairik egiten ez dauan giza-talderik, pedanteren batek esango leukeen moduan, “metafisikoki ezinezkoa” da bakarra topatzea. Jaiaren zentzu eta funtzinoen inguruan hainbat teoria sortu dira. Bada bat bereziki deigarria egiten jakuna, honen arabera, jaia “egunerokotasunaren iraulketa” da, errealitatea hankaz gora jartzea, boterea bera zalantzan ipintea, gehiegizko jan eta edana, beharrak albo batera istea… Ezaugarri guzti honeik inauterietan ikusten dira garbien, baina udako jaietan be nabari dira (San Ferminak erakusgarri egokiena).

Kontua da eskoiari kostatu egiten jakola alaitasuna, jaia eta deskontrola (berba bitan, “egunerokotasunaren iraulketa”) kudeatzea. Deseroso sentitzen dira herria benetako protagonista bihurtzen danean, egitarauak euren kontroletik ihes egiten dauenean. Jai pasibo eta “kontenplatiboak” dabez gustuko, prozesioak, zezenketak, su-artifizialak, luxuzko koktelak eta “politizazinoaren salaketa” (beste batzuen “politizazinoarena” noski). Istoria da herritarrek beste gauza batzuk gura izaten dabezala, txupinazo desfasatuak, irreberentzia, probokazinoa,  agintariei barre edo txistu egitea, umorea, kolorea, txoznak, aldarrikapen sozio-politikoak, kalea bizitzea, ausardia eta ilusinoa. Horregaitik, jai herrikoi eta parte-hartzaileak erasotzen dauz eskoiak, Iruñean, Bilbon zein hurragoan. Eta horregaitik tokatzen jaku eredu herritarrak defendatzea, geuk egiten ez badogu, ez dauelako inork egingo.

Igorreko jaiak


Read Full Post »

Older Posts »