Feeds:
Postak
Iruzkinak

‘udalgintza’ laburpen hitzak dituzten postak

Oin dala urte batzuk (30etik gora) abuztuaren 15ean izaten zirean Igorreko jaiak, andramarietan. Orduan, jaietako fetxa aldatu eta bagilean ospatzen ari zirean, sanantonio inguruan, abuztuan herritar asko oporretan egoazela eta. Ordutik hona, andramari indarra galduaz joan da, sanantonioak indartuz joan diren neurrian. Baina andramariak ospatu, ospatzen dira, aurten “udako jai” moduan berbataiatuta.  

Abuztuaren 10an hasi zan aurtengo egitaraua, Igorreko 26. futbol torneoagaz, gizonezko lau taldek jokatua. Bariku eta zapatuan final-erdi bana eta domekan final handia. Partidu guztiak Urbieta futbol zelaian jokatu zirean. Arratiak Durangoko Kulturalaren kontra galdu eban lehenengoa, 0-1. Bigarrenean, Amorebietak Sondika garaitu eta azkenean, Amorebieta eta Kulturalak jokatu eben finala. Amorebieta gailendu zan, 2-1.

 Abuztuaren 15ean, goizean, Ziklista Gazteen 36. Igorreko Sari Nagusia burutu zan, futbol zelaitik urtenda eta eguerdian Agirre Lehendakarian amaitu zana.

 Baina ez zan kirola ikusteko aukera bakarra izan. Pilota partiduak be egon zirean goiko frontoian. Promesetan Izei eta Mendiolak jokatu eben Zilaurren eta Bilbaoren kontra. Nagusietan, Markina-Arkotxak, Arrese eta K. Galarzaren kontra jokatu eben. Bigarren partidua bertan behera gelditu zan euriagaitik. Ostean barauskarria Goiko plazan. Jateko eta edatekoak trikitxa doinutan.

 Arrastian, karta jokoa egon zan Beheko plazan. 12 bikotek hartu eben parte briskan eta 9k musean, azken urteotako kopururik altuena. Banaketa betikoa, gizonezkoak musean eta andrazkoak briskan, baina mutil gazteren batzuk be apuntuta zirean azken honetan. Gauzak aldatzen dabizen seinale? Auskalo! Briskan, Irene eta Hilarik irabazi eben finala, Aitor eta Unairen aurrean. Hirugarrenak Tere eta Simona izan zirean eta laugarrenak, Maria Luisa eta Maria Angeles.

 Igelean, 21 parte hartzaile, andra zein gizonezko. Hiru tiradatako lehen errondaren ostean Fermin txapeldun, fitxa bi sartuta. Beste lauk sartu eben fitxa bakarra eta lehen desenpatearen ostean Gorkak lortu eban bigarren saria. Iñigo izan zan hirugarrena eta Urko eta Galder, laugarrenak biak, desenpatu ezinda.

 Iluntzean, eguna borobiltzeko, sangria eta Jokaldi. Eta jentea, ume zein nagusiak, jantzan gustura, hemengo eta hango doinuekaz. Erromeriaren tartetxo bat egin eta mus, briska eta igel txapelketako sariak banatu ebezan alkate eta zinegotziek. Jai xumeak, baina euren lekutxoa lortu dabenak.

Read Full Post »

Udalaren webgunean, igorre.net-en, irakurri dogu barria (aurreko batzarretako aktak bertan eskuragai):

Parte-hartzea antolatzeko prozesua

 

Zelan hartu ahal dot parte Igorreko herrigintzan?

Galdera hori eta beste hainbat erantzuteko aukera eukiko dogu ondorengo hilabeteetan. Izan be, Igorreko Udalak parte hartzeko demokrazian sakontzeko beste pauso bat emon gura dau, eta horretarako herritarrakaz eurakaz zehaztu gura dau aurrerantzean gure herrian Udala eta herritarren arteko lankidetza non, zelan, zertan… gauzatuko dan.

2011ko udagoienean bi foro egin genduzan herritarrakaz orain arteko esperientziak baloratu eta aurrera begira hobetzekoak identifikatzeko. Ikasketa horreetatik abiatuta, udaberri honetan aurrera begira jarriko gara eta alkarregaz gure udalerriaren nahi eta beharretara egokitutako parte hartzeko sistema sortu gura dogu.

Azken 2 foroak ekainaren 21an eta 28an.

Egunak: ekainaren 21ean eta 28an
Lekua: Igorreko Kultur Etxea
Ordua: 18:00-20:30

Read Full Post »

Asteburuko solstizioa ospatzeko suen ostean, udako lehenengo plenoa izango da. 19:00etan burutuko da, pleno aretoan.

Hona hemen gai-zerrenda:

 1- Aurreko aktea irakurri eta ontzat emotea.

2- Diru-laguntzak emotea.

3- Inazio Zubizarreta ikastetxeko lehen hezkuntzako eraikineko leihoak berriztatzeko lanak adjudiketea.

4- Fiantzak bueltatea.

5- Obretako lizentziak.

6- Dekretuen barri emotea.

7- Eskaerak eta galderak.

Read Full Post »

(Asteburu betearen kronika laburra)

Bariku eguerdian manifestazinoa egin eben Negarra-ko langileek eta hainbat herritarrek. Urkuzuko lantegiak daukazan 170 langileetatik 59 kaleratu bota gura dabez eta greba mugagabean dagoz beharginak apirilaren 16tik hona. Lantegiak ordezkaritza daukien CCOO eta LABeko banderakaz zeharkatu ebezan herriko kaleak. Bildu-ko ordezkariek be (Beiñat Anzola alkateak barru) hartu eben parte protestan. Gogoratu behar da Negarra-ren kasuan, Rajoyren azkenengo lan-erreformak kaleratzeak erraztu eta merketzeko emondako aukera erabili dauela enpresak.

Iluntzean izan zan Begitu-ren 10. urteurrenaren txanda. (Bide batez, zorionak blog hau egiten dogunon partez Begitu posible egin dozuen eta egiten dozuen guztioi). Maider Yabar ikusi genduan ia beteta egoan Kultur Etxeko areto nagusian, oihaletan gora eta behera, grabitatearen kontra burrukan, bertaratutakoen txalo artean. Bihotz Gorospe aurkezleak Igor Estankonari emon eutson txanda. Begitu-ko sorrerako kontuak harilkatu ebazan arteaztarrak, inork holango ekitaldi batean inoz bota ez dauzanak kontatuta. Musikak be eukin eban bere lekua ekitaldian. Eneritz eta Marina entzun genduzan kantuan, “a capella”, lehen egiten eben moduan, Arratiako herrien inguruko aspaldiko koplakaz. Juanma Labandibar-ek sano kantu hunkigarria eskaini eban, teklatuaren laguntasunagaz. Urtzi Barrenetxea eta Cristina Ruizek aurkeztu eben Begitu-ko webgune barria, aurrekoa baino dinamikoagoa eta argazki eta bideoak bidaltzeko aukera eukingo dauena. Oihane Barrenetxeak, Begitu argitaratzen dauan Zertu Kultur Elkarteko lehendakariak be hartu eban berbea, bide honetan egitasmoa lagundu daben guztiak eskertuz, batez be, proiektua diruz lagunduten daben norbanakoak, begitu-lagunak (euren izenak pantaillan proiektatuta ikusten genduzan bitartean). Eta amaieran, sorpresa, Arratiako musikariak (Nik Khaos, MG, Esti eta Olatz, Larregi, Eskean… fijo baten bat ahaztuko dogula), eskola eta estilo desbardinetako gazteak, neska zein mutilak, danak taldean, egunerako bereziki prestatutako kanta jo eban. Ostean, edaria eta pintxoak, tertuliarako lagungarri.

Eta atzo Lurrarin-rock egin zan Igorren. Lurrarinak Igorreko Gazte Asanbladak antolatzen dauan musika jaialdia da hau. Aurtengoa bigarrena izan da. Goizean umeentzako jolasak, eguerdian bazkaria karpapean, gero batukada eta kontzertuak, goizaldera arte: The Mockers, Kaotiko, Jeimon Turk Band eta Zirkinik bez arratiarrak.

Halan da be, Exaixu-k hasi eban iluntzeko rock´n´rollaren martxa, Kukumaren azken jaiean. Izan be, gure herriko taberna mitiko honek ateak zarratuko dauz 13 urte eta gero eta atzokoa izan zan “azken guda dantza”. Martxa itzela, rotuladorez hormetan idatzitako esker onezko berbak, luxuzko gonbidatuak eta sendo, sano sendo ikusten dogun taldea. Eskerrik asko danagaitik, Ainare eta konpainia!

Read Full Post »

Itzelezko gogoa genduan Marinaledako alkate Juan Manuel Sánchez Gordilloren berbaldia entzuteko (astelehenean izan behar zan, Igorren), eta penaz irakurri dogu bertan behera gelditu dala, hizlariaren agenda arazoakaitik.

Ia hurrengo baten aukera daukagun!

Read Full Post »

Berbaldia emoten etorriko da Juan Manuel Sánchez Gordillo, Marinaledako alkatea, udalgintza parte-hartzailearen eta bere herriko esperientziaren inguruan. Udalaren Komunikazino eta parte-hartze sailetik antolatutako ekimena da, Igorreko Udala herritarren parte-hartzearen inguruan egiten ari dan beharraren barruan.

Pasa dan abenduan foro bi antolatu zirean Udalaren eskutik Igorreko parte-hartze sistema osatzen hasteko. Saioetako batean, kanpoko esperientziak ezagutarazi zirean, Otxandiokoa bata eta Marinaladekoa bestea. Hemen dekozue aurkezpenerako erabili zan powerpointa Marinaleda aurkezpena interneterako

Gordilloren berbaldia apirilaren 23an burutuko da, astelehenez, Igorreko Kultur Etxean, 20:00etan.

Read Full Post »

Argazkian, Bilduko ordezkariak. Ezkerretik hasita, Aitor Etxebarria eta Edurne Gumuzio (Arteako zinegotziak), Beiñat Anzola (Igorreko alkatea), Anuska Emaldi (Zeanuriko zinegotzia), Ninbe Arrarte (Bediako zinegotzia), Beiñat Madariaga (Areatzako zinegotzia), Saioa Elejabarrieta (Lemoako alkatea), Rafa Ugalde (Dimako alkatea) eta Haritza Iturbe (Arantzazuko zinegotzia).

Arratiako Bildu-koek adierazpena bidali dabe komunikabide ezbardinetara Mankomunitatearen inguruan (argazki eta guzti), blog honetara barne. Bizkaiko Hitza-n horren inguruko informazinoa atara zan eta azkenengo Begitun be  jaso da (5. orrialdean) Holantxik dino aipatutako agiriak:

 Udal hauteskundeak igaro eta bederatzi hilabetetara, Arratiako Bilduko ordezkariok gogoeta egin dogu Arratiako Udaleko Mankomunitatearen inguruan eta funtzionamendurako hainbat gogoeta egin. Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Dima, Igorre, Lemoa eta Bediako ordezkarien esanetan (alkateak Dima, Igorre eta Lemoaren kasuan), badago nondik hobetu Mankomunitatearen funtzionamendua, eta helburu honegaz, oposizino eraikitzailea egiteko asmoa erakutsi dabe. (more…)

Read Full Post »

19:00etan izango da, udaletxeko pleno-aretoan:

GAI ZERRENDA
1- Aurreko akta irakurri eta ontzat emotea.
2- Diru-laguntzak emotea.
3- 2012ko aurrekontuan kreditu ardarazoteko 2.espedientea.
4- Igorreko zaraten mapa kontratetako ipintea.
5- Kontratu txikiak.
6- Obra ziurtagiriak.
7- Udea P-32 lur-zatian famili bakarreko etxebizitzea eragiteko obra-lizentzia.
8- Obra baimenak.
9- Eskaerak eta galderak.

Read Full Post »

Egitaraua:

10:30 Futbol zelaiaren ateetan alkartu eta azalpenak jaso

11:00 Zuhaitzak ñandatu trikitilarien giroak lagunduta

12:30 Mokadutxoa jan

13:30 Amaiera

Read Full Post »

Galder Olibares Igorreko alkate ohiak gutuna argitaratu dau azkenengo Begitu-n. Hona dakargu:

 Arratian, parte-hartzean pausuak emoten

156. begitun, urtailaren 18an argitaratuan, Arteako udala “sano pozik” agertu zan etxe guztietara bidalitako galdetegiaren eran-tzun mailagaz. Alberto Etxebarria alkateak gaineratu eban “jentea­ren parte hartzea %11 izan da. Hori parte hartze handia da, ze Igorren eta beste hainbat lekutan urteak daroez aurrekontu parte hartzaileak egiten eta herritarren % 2 inguruk hartzean dau par­te”. Egia esan ez dakigu kontuak zelan atera dauzan, dakiguna da Artean etxeetara inkesta edo gal­detegi bat bidali dauala eta hortik erantzun batzuk jaso eta Igorren, 150 lagunek hartu dabela parte aurrekontuetako batzarretan. Ez dot uste biak konparetako mo­dukoak diranik.

Igorren 5 urte daroaguz aurre­kontu parte hartzaileak egiten. Eskatzen beste 4 gehiago, baina aurreko gobernuak (PNV) ez ebazan egin gura, are gehiago, ezinezkoa zala esaten eban.

Igorren 4 urte daroaguz ple­noak 15ean behin egiten, herri­tarren mozinoak eztabaidatu, au­rrekontu parte hartzaileetan auzo batzarrak egiten, galdetegiak, urigintza foroak… Bertatik ehunka igorreztar pasau dira.

 Artea be aurten hasi ei da. Holan bada sano poztuten naz, ondo etorri! Garrantzitsuena, pausurik zailena emon dabelako: aurrekontu parte hartzaileak egi­ten hastea.

Hasiera umila izan dau, galde­tegi bat. Aurten Udal Gobernuak sano positibo balorau dauana. Honek datorren urteetan parte hartzean sakontzea ekarriko dau, aurrekontuetatik harago, Uda­laren ebatzietan prozesu parte hartzaileak ezarriz.

Horretarako, Arteako Udalak la­gungarri dauka 2011ko garagarri­lean Arteako Bilduk aurkeztutako aurrekontuetan auzo batzarrak egiteko proposamena, ondino erantzunik jaso ez dauana. Eta laguntasuna behar izan ezkero, prest gagoz Igorreko esperien­tzia arteaztarrai azaltzen. Geu be holan hasi ginan, galde- tzen eta probak egiten.

Parte hartzea Udaleko prozesu guztietan txertatu behar da eta landuz mamitzen joan. Amaie­rarik ez daukan bide baten. Igo­rrekoa be holan doa. Dima eta Lemoan be hasi dira parte-hartze esperientziak. Pausuz pausuz Udalaren demokratizazinorantza, erakutsiz gauzak beste era batera egin ahal dirala, egingo doguzala. Alkaterik onena, herria!

GALDER OLIBARES

Read Full Post »

Older Posts »