Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña bertsotan gaur Igorren

Ibilbidea luzea dauka Sanjosetako bertso-saioak Arratian, eta zehazkiago esanda, Igorren. 30. edizinorantza doa apurka-apurka Arratiako Bertso Eskolak urtero-urtero antolatzen dauan saioa.

Azken urteetakoen antzera, Igorreko Lasarte Aretoan izango da bertso-saioa, gaur martxoaren 19an, martitzena, 18:00etatik aurrera.

Saio parekidea izango da gaurkoa, bertsolariei jagokonez. Andrazko bik eta gizonezko bik kantatuko dabe. Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Andoni Egaña arituko dira gaur kantuan.

20190319 Bertsosaioa

Advertisements

Willi Toledori alkarrizketea egin dautsoe Begitu-n

Euren interesagaitik, hona ekarri doguz Begitu-ko edukiak.

Willi Toledo Begitun

Willy Toledo Igorren egon zan zezeilean

Willy Toledo aktore eta aktibistea, Igorren egon zan zezeilaren 20an, Venezuela, inperialismoaren jomugan izeneko berbaldia emoten eta alkarrizketea emon eutsan begituri. Toledok ondo ezetuten dau Latinoamerikako historia, batez be, atzenengo 100 urteetakoa eta interes berezia izan dau Kubako iraultza eta oingo Venezuelako bolibariar prozesuan.
Venezuelan abiatutako bolibariar prozesua ezin dauala AEBko inperialismoak onartu eta horregaitik gertatzen dala Venezuelan gertatzen dana dino. Sano ezkor agertzen da egoera honen bailakaereari buruz. Izan be, bere ustez, Txinak edo Errusiak bakarrik gelditu ahal dabe hau modu militarrean, eta urte luzeak iraungo dauan gerra baten ateetan gagoz

Willy Toledo - copia

Willy Toledo: “Ebitaezina dan gerra batera goaz, momentuz Latinoamerikan hasiko dana”

Willy Toledo aktore eta aktibistea, Igorren egon zan zezeilaren 20an, Agustin Otxotorenagaz batera, Venezuela, inperialismoaren jomugan izeneko berbaldia emoten eta begitu beragaz berbetan egon zan. Hogeta bi urtegaz hasi zan aktore lanetan, Alberto San Juan, Natahalie Poza eta Ernesto Alteriogaz sortutako Animalario teatro konpainian. Ia hogei urte egon zan konpainia horretan eta bitartean zinea eta telebista be egin eban. Aspaldion, aktibismo politikoan dabil batez be.

Aktore eta aktibistea biak buztartuta, ezta? Zelan sortu zan hori?
Animalarion antzerkia erabili gura genduan burruka tresna moduan eta antzerki politikoan zentrau ginan. Gainera, politikeari jagokonean, familia ezkertiar baten sortu nintzan eta honek begiak zabaldu eustazan bizi garan mundua ulertuteko. Batez be artea eta kulturea erabiliz, baina baita militzantzia hutsari esker, teoriko anarkista, komunista, sozialista eta abarren obrak irakurten nebazan, gure familian oso presente izan dira eta.
Kantautore latinoamerikarrak be hor egon dira, Victor Jara, Silvio Rodriguez… Eta hemengoa zan Paco Ibañez be bai. Eta horrek danak arrastoa ixten dau. Zorionez, nigan arrastoa ixten dabe munduko edozein lekutan gertatzen diran Giza Eskubideen urraketak. Apurka-apurka organizazinoetan sartzean joan nintzan, militatzen, burruketan parte hartzean… eta gaur arte. Asko Ameriketako kontinentean oinarritu dira, niretzat obsesino bat da-eta txikia nintzanetik. Uste dot oso ondo ezetuten dodala Latinoamerikako historia, batez be atzenengo 100 urteetakoa, eta horrek eroan nau Kubako iraultza eta Venezuelan abiatutako bolibariar prozesua defendidutera.
Igorrera Venezuelaren gaineko berbaldia emoten etorri zara. Beste leku batzuetan be bazabilz berbaldi hau emoten?
Bai, ahal dan leku guztietan. Inperialismoaren momentu kritikoan gagoz. Barriro be bere atzaparrak erakusten dabil: heriotzea, suntsipena, harrapeketea eta lapurretea. Momentu garrantzitsua da eta deitzean deuskuen lekuetan egongo gara gertatzen dana salatuteko eta iluntasun honetan argi apur bat ipinten saiatzeko. Hedabideak guzurra eta desitxuraketea baino ez dabe esaten, inperialismoaren alde ipini dira eta gura dabena da Venezuelan inperialismoak garaitzea. Horrek ekarriko leuke gatazka armatua hamarkada luzeetan eta seguru asko kontinente osora zabalduko litzateke.

Egia da hedabideak gatazken aukeraketea egiten dabela eta Venezuelakoak orrialdeak hartzean dituala eta Haitikoak, berbarako, ez.

Haiti izan zan kolonia europearretatik independizau zan lehenengo herrialdea, mundo osoko lehenengo herrialde baltz independientea izan zan eta ez Frantziak, ez AEBk, ezta munduko inperialismoak ez deutsie hori inoz parkatu. Frantziarrak joan ziran baina ez ziran joan. Haitiko estaduan zor handia itxi eben. Eta zergaitik deitu atentzinoa eurak sortutako egoera bat salatuteko?
Baina egia da Venezuelan be antzekoa gertatzen dala. Egia da Venezuelan hornidura arazoak dagozala eta jentea sufriduten dagoala. Baina hedabideak ezin dabe sufrimentu hori salatu kausak azaldu barik. Eta sufrimentu horren oinarrizko kausak dira Venezuelari egindako blokeo ekonomiko eta finantzario hiltzailea, Kubako herriak 56 urteotan sufriduten dauan parekoa. Urtero, munduko 197 herrialdeetatik 195ek Kubako blokearen kontra emoten dabe botoa. Salbuespenak, jakina, munduko herrialde terrorista handi biak dira, AEB eta Israel. Venezuelan politika kriminal bardina apliketan dabilz, Giza Eskubideen babesaren guzurrezko argudioagaz.
Baina sakonean zer dagoan ikusten da, ezta? Venezuelak daukazan baliabide naturalak. Momentu honetan Venezuela da munduan baliabide natural gehien daukan herrialdea. Beste errazoi bat da, AEBk ez dauala gura berari obeditzen ez deutsan gobernu disidente bat egotea euren atzeko patiotzat beti jo izan daben horretan. Venezuelako eredua ezin dabe onartu. Kubari egindako erasoen oinarrizko errazoietako bat be horixe zan: ejenplua ez zabaltzea, munduko herrialdeak ez errekonozidutea kubatar esperientzia eta kapitalismotik kanpo gauzak beste modu baten egin daitekezala. Venezuelan
be gauza bera saiatzen dabilz, nahiz eta Venezuela herrialde kapitalista izan, beste eredu bat probetan dabilalako.

Horreek dira AEBn errazoiak eta Europar Batasunak, jakina, bat egiten dau horreekaz AEBn morroia dalako. Eta morroirik handienak, presidente espainiarrak izan dira eta dira: han egon zan Felipe Gonzalez Jugoslavian; Aznar, Iraken izan genduan; Zapatero, Libian; Rajoy, Sirian eta oin daukagu Pedro Sanchez europar morroitzaren lehenengo lerroan AEBko eta Espainiako empresa pribaduen zerbitzura, Repsol eta BBVA moduko enpresen zerbitzura, hain zuzen be. Hau da, elite europear eta estadu batuarren interes ekonomikoak defendiduteko, ehun milaka personen bizitzen prezioan. Betikoa! Betiko historia! Txarrena da Irakeko gerraren kontra milaka persona urten zala kalera mundu osoan, baita estadu espainiarrean be. Eta oin, antza, hedabideak egindako 20 urteko adoktrinamentuak eragina izan dau eta helburua lortu dau. Oin, bere ezaugarriakaz baina Irakeko egoera bardinaren aurrean, ez dago erantzunik kaleetan.
Willy Toledo

Eta zergaitik izan da hori? Zertan aldatu da gizartea?

Kapitalismoaren aurrerantzako igesa ez da bakarrik iges ekonomiko, finantzario eta militarra, kulturala be bada. Eta lan hori oinarrizkoa da. Hau da, Europako herritarrai konbenzidutea geu garala egiaren jaube; gure demokraziak beste inongo demokraziak baino kalidade hobea daukala; zuriak garala eta zurien nagusitasuna beste azal koloreai gailentzen jakola; geuk eroan dogula zibilizazinoa eta kultura munduko beste herrialdeetara, danak basatiak ziralako eta euren kulturak piperrik be ez ebelako balio… Eta hau danau barneratzen dau jenteak. Gizaki bateri ondoan daukanaren aldean gehiago sentiduteko aukerea emoten deutsazun bakotxean, genero, azal kolore, ideologia edo nazionalidadeagaitik, zoritxarrez, miloeka gizakik hartuko dabe jarkera hori. Nik beti esan dot, iraultza sozialistearen arazo nagusia, kapitalismoaz gainera, gizakiok garala

Orduan honek ez dauka urtenbiderik?
Venezuela, Yemen edo kapitalismoaren ezaugarrietatik harago, holan jarraitu ezkero, esplotazino kapitalista eredu honegaz, hemendik 20, 30 edo 40 urtera ez da egongo ez sozialismorik ez ezer, Lurrean ez gara existiduko eta. Ez, ez dago urtenbiderik hemen inor ez dagoalako prest gelditu, pentsau eta esatera zer behar dan etxe barik ez gaitezan geratu. Eta behin planeta suntsituta alferrik da iraultzaz, sozialismoaz, feminismoaz edo beste ezertaz verba egitea, kezka bakarra ogi zati bat topetea izango da eta.

Nik uste dot kapitalismoa atzenengo fasean dagoala, inperialismo basatienaren fasean, eta ez dago prest atzera egiteko, aurrerantzako igesa da. Ekonomiaren aldetik kapitalismoa kiebran dago eta lehertu egingo da gaur edo denpora bat barru. Krisi bakotxaren ostean kapitalismoak mundo mailako gerrea eragiten dau. Erabateko gerrea. Eta ni konbenziduta nago inork ez dituala geldituko.

Geldituteko modu bakarra militarra da, eta Errusiak edo Txinak berbarako, egin leikie. AEB eta bere morroi europearrak geldituteko modu militarra baino ez dago, eta orduan ea zer gertatzen dan!

Orduan uste dozu hau dala mundu mailako gerrearen hasikerea?
Bai, zoritxarrez, hori da nire eretxia. Ebitaezina dan gerra batera goazela uste dot, momentuz Latinoamerikan hasiko dana. Latinoamerika beste Ekialde Hurbil bat izatea gura dabe. Han ehun urte daroe gerrak, suntsipena eta sarraskiak sufriduten. Latinoamerikara eroan gura dabe hau. Askoz hobeto da han, merkeagoa da, arma gehiago ekoiztu behar dira… Nik uste dot ez dagozala geldituteko prest eta lehertu egingo dala.

Igorreztarrak gaixorik dagozen presoak etxeratzearen alde mobilizatu dira gaur Bilbon #NiZuBi

Ni Zu Bi herri-ekimenak mobilizazinoa egin dau gaur eguerdian Bilboko hainbat zubitan, San Antonekotik Deustukora, gaixo larriak daukiezan bost preso bizkaitarren etxeratzea eskatzeko. Gorka Fraile, Kepa Arronategi, Joseba Borde, Ibon Iparragirre eta Txus Martin libre ixtea eskatu dabe gaurkoan.

Jende askok hartu dau parte mobilizazinoan, eta Igorretik be, taldetxoa bertaratu da, Arratiako beste herrietakoakaz eta Busturialdekoakaz batera Arrupe pasarelan egon dana.

12:00etatik egon dira bertan, ikur eta kartelak eskutan, eta 12:30ak inguruan, martxan hasi dira bozina eta trikitixaren erritmoan. Bidean beste zubi batzutatik etozenakaz alkartuz, itsasadar ertzetik egin dabe bidea Buenos Aires kaleraino. Handik gora Zirkularrera eta amaiera Arriagan. Arkaitz Estiballesen bertso eta SARE eta Ni Zu Bi dinamikako ordezkari banaren hitzartzeagaz amaitu da eguzki berotan egin dan ekitaldia.