“Oroitzea delitua denekoa” Maiana Bustinza igorreztarra eta Ane Muguruzaren iritzi artikulua

Egiari Zor fundazioko kide, Gaurko Berrian (eta beste egunkari batzutan) argitaratu dabe artikulua.

Uste sendoa dugu batzuk —beren kontakizuna inposatu nahi duten horiexek— errealitatea desitxuratu nahian dabiltzala, gatazka politikoari eta haren ondorioei dagokienez.

Biktimak eta gatazkaren ondorioek kalte egindakoak garenez, ulertzen dugu mina dela-eta, sufrimendua dela-eta errealitatea desitxuratzea, bizitzaren zernahi arlotan; gizakiak garen aldetik, ulertzekoa da hori; era berean, gizakiak garen aldetik, guztiz ulertzekoa da beste ezeren gainetik jartzea senide hilaren oroitzapena.

Ez da ulertzekoa, ordea, gobernu eta estatu kargu instituzionaletan daudenek ahaleginak egitea familia batek alaba, anaia, ama edo biloba hilarengana duen sentimendu lotura kriminalizatzeko. Beste ezeren gainetik, gizalegea nagusitu beharko litzateke, eta bukatutzat eman beharko lirateke maite zuten norbait galdu dutenen oroitzapenen kontrako erasoak. Eta iritziak bat baino gehiago izan litezke, baina errealitatea dago haien guztien gainetik, eta errealitatea egoskorra da, ukaezina denez gero: gure senide baten erailketa edo heriotza gure larruan sufritu dugunok badakigu zer den sufritzea, badakigu sufritzea ez dela baten kontua bakarrik, ez dela ideologia kontua. Ondotxo dakigu, ez inork esanda, baizik geuk bizi izan dugulako.

Dudarik gabe, gizatasunak ematen dio gutako edozeini senide bat, adiskide bat, auzoko bat maitatzeko modua… Gizatasunak ematen digu modua maite dugun norbait, nahiz eta hila edo eraila izan, maitatzen segitzeko; gizatasunak atxikitzen du hura gure gogoan; gizatasunak astintzen gaitu haren oroimenezko sinboloak kentzen dituztenean, auzitegiren batek hala aginduta… Gizaki izateak ematen digun gizatasun horrek eragozten digu ahaztea, eta horrek jarrarazten digu haren argazkia ohe ondoko mahaian. Horrek berritzen digu, urteurren guztietan, infernua: seme edo ahizparen bizia ostu eta gero, haginkada anker hori urtero-urtero itzultzen da, gu ohartarazi nahian, guri mehatxu egitera gizatasunik gabeko lege batez.

Eta aurrerantzean ere gogoan izango ditugu falta direnak, ezin ezabatu baita maite duzun norbaiten oroitzapena. Gizakiaren ezaugarri bat da falta dena oroitzea; hura maitatzea, beste ezeren gainetik; hura gogoan izatea beti. Oroitzea memoria zaintzea da; memoria historiaren parte da; eta historia, era berean, gertatuaren egiaren parte da; nahiz eta batzuk ezabaezina ezabatzen saiatu, nahiz eta argazki, oroigarri eta arbola asko kendu, hor daude frogak, eta egoskorrak dira horiek ere: gatazka luze honetan, sufrimendu handia izan da, handia eta askotarikoa, eta, bistan denez, gaur Oiartzunen egindakoak eta halakoek are gehiago handituko dute.

Gauza bakoitzari bere izena dagokio, eta halaxe izendatu behar da, asmo makurrez desitxuratu gabe, seme batenganako maitasuna eta oroitzapena goratze delitu bihurtu gabe.

Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu sendoak eta zintzoak izatea etorkizunerako jarriko ditugun oinarriak. Historia idazteko, herri honen egia guztiak bildu beharko dira, kontuan harturik sorturiko eta pairaturiko sufrimendu guztiak. Ezin zaio ez ikusiarena egin gizarte honen parte bati, ezta haren sentimendu loturak kriminalizatu ere. Hortxe dago errealitatea, baita gatazka politikoaren ondorioz izaniko gertaera latzak ere.

Askok uste dugu garai itxaropentsua dela hau gure herriarentzat. Ongietorria egingo diogu bide horretan segitzeko edozein bultzadari, eta orobat salatuko dugu horren kontrako edozein eraso; izan ere, gatazkari loturiko indarkeriaren ondorioak sufritu ditugunok lanean ari gara, beste inor baino gehiago, inork sufri ez dezan guk sufritzen dugun bezala. Eta argi dugu, beste ezeren gainetik, landuko dugun etorkizunak bestelakoa izan behar duela, gizarte libreagoa eta bidezkoagoa osatu behar dugula; etorkizuneko gizarte horretan, ez genuke berriro ikusiko gaur ikusi dugun hori, eta inor ez litzateke saiatuko oroitzea eta maitatzea delitu bihurtzen. Azken batean, behin betiko desagertuko lirateke oraindik ere dauden sufrikario guztiak, eta beste inork ez luke halakorik pairatu beharko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s