Miren Peñaren heriotzaren aurrean, LABen adierazpena eta protesta astea

Sindikatuaren webgunean irakurri dogu albistea:

Lehenik eta behin, gure sindikatukide zen Miren Peñaren heriotza dela eta, Faurecia Orkoiengo atal sindikalaren nahiz LAB sindikatu osoaren dolua adierazi eta bere senitarteko nahiz hurbilekoei elkartasun eta babes sakonena adierazi nahi dugu.

Bigarrenik, Mirenen heriotzaren atzean egondako faktoreez hitz egin nahi dugu. Antsoaingo nahiz Nafarroako etxegabetzeen kontrako plataformek egindako balorazioak geure egiten ditugu: Laboral Kutxak zuzeneko ardura du Mirenen heriotzan, bazterketa sozialaren arriskuan dagoen pertsona baten hipoteka birnegoziatzeari muzin egiteagatik. Horri guztiarekin batera lan arloa aipatu nahi dugu, tragedia honen faktore funtsezkoa baita. Hona hemen Kapitalismoaren arimetika basatia: kaleratzea gehi etxegabetze mehatxua berdin heriotza.2013ko irailean, enpresako lan baldintzen negoziazio garaian, Faurecia Orkoiengo zuzendaritzak Miren Peña Rastrollo eta beste 10 lagun kaleratu zituen, era injustifikatu, bidegabe eta diskriminatzailean kaleratu ere. Langileak zanpatu eta euren gaineko esplotazioa areagotzeko multinazionalaren estrategika kriminalaren parte ziren kaleratze hauek; etekin handiak zituen, baina gehiago nahi zuen. Miren eta bere kideak gizalegezko jendea zen, langile duinak, klase kontzientziadunak. Berehala langileek greba mugagabera jo zuten. Guztiek? Ez. UGTk, Metaleko arduradun Lorenzo Riosen atzetik, greba zapuztu, kaleratuak baztertu, grebalariak jazarri eta enpresak desio zituen murrizketak sinatu zituen.

Data hauetan hain zuzen ere, Sunsundeguitik kaleratutako 47 langiletako batek bere buruaz beste egin zuen. Jabi Paniagua zuen izena. Ataka horretan LABek ohartarazi zuen kaleratze bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, historia bat eta, askotan, drama bat; eta ez dagoela bideragarritasun plan, irabazi tasa ez eta dibidendorik horren aurretik jarri daitekeenik.

Urte eta erdi beranduago, Faurecia UGTko karneta duten ebentualak kontratatzen ari da eta ehunka aparte ordu sartzen ari dira, bere garaian kaleratutakoek eta beste 50.000 nafarrek langabezian jarraitzen duten bitartean. Faurecia Orkoiengo kaleratzeak, baita Faurecia Burlatako epekako itxiera ere, multinazionalen gizatasun faltaren adierazle dira: langileak nahierara erabili eta baztertzen dituzte. Miren erasotua eta diskriminatua izan zen, bere bizibidea lapurtu zioten, bere konfidantza higatu zuten eta etxegabetzearekin mehatxu egin zioten; Kapitalismoa deritzan basakeria honen biktima berria da, honenbestez.

Era berean, milaka familiek bizi duten dramarekiko Nafarroako Gobernuaren apatia, gaitasun eza eta axolagabekeria salatu nahi dugu. Horrekin amaitzea ezinbestekoa eta premiazkoa da, honako neurriak hartuz: enplegu publikoaren sorrera, enplegua babestuko duen politika industriala, kaleratuak izan diren edo langabezian dauden langileekiko babes sozialaren indartzea, etxebizitza parke publiko zabalaren sorrera, gehien behar dutenei lagunduko dien Kutxa edo Banko publikoaren sorrera…

Azkenik, Laboral Kutxaren eta Faureciaren erantzunkizuna mahai gaineratzeko ez ezik, eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketa sakonekoa aldarrikatzeko mobilizatzera dei egiten diogu langileriari:

– Astelehena 12:00etan Buztintxuriko Laboral Kutxaren parean, PAHk deitutako kontzentrazioa.

– Astelehena, egun osoan zehar, dolu eta salaketa seinale gisa lantokietan krespoi beltza edo bestelako elementuren bat erakusteko deia egiten dugu.

– Asteartea 19:00etan Antsoaingo Udal Plazan, PAHk deitutako kontzentrazioa.

– Asteazkena 10:00etan Orkoiengo Udaletxean eta 11:15etan Faurecia Orkoienen parean.

– Larunbata: 18:00etan Gurutze Enparantzatik manifestazioa Iruñean.

Miren peña

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s