Naia Totorika Arratiako jokalaria, Athletic eta gabarraren inguruan

Azkenengo Begitun argitaratu dabe gutuna, Eretxia atalean.

Eta gabarrea zer?

Arrastiko seirak Bilbon, jentetzea zuri-gorriz jantzita kaleetan zehar. 9 urteren ondoren barriz be Ligako txapeldunak dira Athleticeko neskak, jagokon moduan ospatu beharreko lorpena. Abesti eta animo oihuen artean bildu gara udaletxe aurrean, hor datoz jokalariak, Begoñako basilikatik behera kapota bako autobusean saltoka. Ereserkia ozen eta merezitako txalo zaparrada luzea. Ha-ta guzti be, zaleen poz arpegien artean haserre eta sumindura nabari dira, holango egun pozgarri bategaz bat be ados ez datozen sentimentuak. Zabaldu dira balkoiko ateak, Ligako kopea Athletic zale guztiai eskeintzeko ordua da, baina oihu bat errepikatzen da jentearen artean: Eta gabarrea zer? Askok ez dogu ibaian behera ikusteko aukerarik izan, baina ondo baino hobeto dakigu Athleticen garaipen handien ikur nagusia dala. Irrikaz zain gagoz, aterateko aukerea noz agertuko. Hainbat final jokatu doguz atzen urteotan, eta horreetan guztietan Athletic zaleen ametsetako bat egia bihurtzeko prest egon da ontzia. Garaipenak aldiz, ez gaitu gehiegi maite, eta iges egin dau behin eta barriz gure eskuetatik. Aurreko urtean mutilak Espainiako Superkopea eskuratu eben Bartzelona handiaren aurka, meritu handiko garaipena. Ha-ta guzti be, ohiturak agintzen dauan moduan, Kopea edo Ligea moduko garaipen handiakaz ateratekoa da gabarrea, beraz, beste behin esperoan jarraitu behar. Azkenean heldu da, garaipen handiaren eguna. Neskak ikaragarri burrukatutako Liga Txapelketea lortu dabe, horrenbeste urteren ondoren, heldu da 5. titulua. Zaleak ospakizun gogoz, gabarra usaina Bilboko kaleetan, baina ez, ez da atera, eta ondino ez dakigu zergaitik. Txikitatik erakutsi deuskue Athletic desbardina dala, bere filosofiak eta futbola ulertzeko moduak berezia egiten dabela.
Taldearen jarraitzaileok odol zurigorria daroagu eta Athletic zalea izatea futboletik askoz harago doan zeozer da, batzean gaituan sentimentua eta Athletic Club-a handi egiten dauana. Handitasun horretatik egin eban bere sasoian andrazkoen futbolaren aldeko apustua. Gitxi dira andrak horrenbeste babestu eta bultzatu dituen klubak. Baina, 5. Liga Txapelketearen garaipen honek be ez dau merezidutako ospakizuna izan. Eguneroko lanak, lesinoak, botatako izerdiak eta jausi eta barriz altxatzeko egin beharreko esfortzuak ez dau genero desbardintasunik egiten, ondorioz, eskuratutakoaren ospakizunak be ez leukie desbardintasunik egin behar. Ez da inon zehaztu gabarrea gizonezkoak bakarrik erabiltekoa danik, eta hau ez aterateko emondako argudio guztiak atxakia merkearen usaina hartzean dabe. Egia da andrazkoak ez daukiela gizonezkoak besteko jarraipenik eta horrek ospakizunetara jente gitxiago hurreratzea suposatzen dauala. Baina, argudio honeri helduta ezezkoa emotea tristeegia da. Ohiturak denporeak aurrera egin ahala momentuko egoeretara moldatzen dira, eta ziurra da, baegoala gabarrearen ibilbidea nesken ospakizunera egokitzeko aukerea. Pena izan da. Athletic Club-ak andra eta gizonezkoen bardintasunaren aldeko ikur bilakatzeko eta tristeagoa dana, urian bildutako milaka zaleen artean egozan umeai benetan Athletic desbardina dala erakusteko aukera parebakoa galdu dau. Gabarreak momentuz lotuta jarraituko dau, nonoz guztiok alkartuko gaituan ospakizun bategaz ibaian behera ikusteko daukagun esperantzeagaz batera, lorpena andra edo gizonezkoen eskutik datorren begiratu barik. Bitartean, Zorionak neskak! Zuek be Athletic zarie!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s