Zestoako Batzar Nagusiaren ostean, UEMAko 83. eta 84. kideak dira Igorre eta Gabiria

Ekitaldiko argazkiak eta Igorre eta UEMAko kide direan beste Udaletako ordezkariak, atzoko Zestoako batzarrean.

UEMAren webgunetik hartu dogu albistea:

Urteko bigarren batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bi udal berri onartu ditu: Igorre eta Gabiria. Bi hauekin, 84 udalek osatzen dute gaur egun UEMA, guztien artean 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Udalerri euskaldunetako dozenaka eta dozenaka alkate eta zinegotzi elkartu dira Zestoako bainuetxean egin den batzar nagusian eta, besteak beste, UEMAk esku artean dituzten egitasmo berriak nabarmendu dituzte: euskara eta turismoa uztartzekoa, esaterako.

Ohiko batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bertan bildutako ia ehun alkate eta zinegotziek bi herri berri onartu dituzte UEMAn: Igorre eta Gabiria.

Bi herri hauek sartuta, guztira 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren 84 herrien artean. Agintaldi honen hasieran 72 udal ziren UEMAko kide [Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik]. Azken bi urteotan, berriz, 11 herri gehiagok erabaki dute UEMAko kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta gaur sartu diren Gabiria eta Igorre.

UEMAren batzar nagusiak Igorre eta Gabiria ere onartu ditu UEMAko kide gisara.

Hainbat egitasmo esku artean

UEMAko lehendakari Josu Labakak eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak batzarrean bildutakoen aurrean nabarmendu duten moduan, urte honetako plangintzaren baitan, hainbat egitasmo ditu esku artean UEMAk, ohiko lan-ildoen baitan. Erabileraz planez eta udalak euskalduntzeko ohiko lanez gain, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak abiarazi ditu UEMAk azken urteotan, eta horien ingurukoak zertan dira azaldu du UEMAko koordinatzaileak.

Beste askoren artean, herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko sortutako tailerren berri eman du. Aurten berritu eta eguneratu den UEMAren zerbitzuen katalogoak biltzen ditu horiek guztiak.

UEMAko herri gehienetako eta horiez gain Tolosaldeko beste 13 herritako hizkuntzaren kale erabilera neurketak ere abian direla eta irailean horien guztien berri emango dutela ere jakinarazi du Segurolak.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasgunei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu dute: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.

Azkenik, UEMAko herrietako euskara teknikariek proposatuta abiarazi duten turismoari buruzko lanketa berezia ere aipatu dute, turismoak hizkuntzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko eta udalerri euskaldunen hizkuntza egoera ezagutarazteko. Zehazki, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea hizkuntza, kultura eta nortasuna sendotzeko eta erakusteko giltzarria dela nabarmendu du UEMAren koordinatzaileak. Horren harira, hurrengo asteotan UEMAk kanpaina berezia abiaraziko du, udalerri euskaldunetara datozten turistei eta bisitariei gure ondare nagusia euskara dela erakusteko, Euskara da gure postalik ederrena lemapean.

 

Igorre

Igorrek aste honetan bertan onartu du UEMAko kide izatea, astelehean egin zuen udal osoko bilkuran. 2013an argitaratutako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %75,28 dira Igorren. Oro har euskaraz bizi dira Igorren, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 2001-2011 urteen artean 5,4 puntu egin baitzuen behera euskararen ezagutzak. Erabilerari dagokionez, euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua %50,3 da gaur egun. 2001n, aldiz, %61,2 zen.

Igorre, Bizkaia erdialdeko udalerria da. Arratia eskualdeko jendetsuena, zehazki. Iaz, 4.108 biztanle zituen erroldan.

 

Gabiria

Gabiria, Gipuzkoako Goierri eskualdean dagoen herria da. 487 biztanle ditu, eta otsaileko osoko bilkuran erabaki zuen UEMAra sartzeko eskaera egitea. Gabiria UEMAn sartzeko erabakiarekin, UEMAko kide den Goierriko 12. herria bihurtu da Gabiria.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %87,9 dira Gabirian. Hala ere, 2001-2011 urteen artean 6,8 puntu egin zuen behera euskararen ezagutzak. Euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua, berriz, %81 da gaur egun. 2001n, aldiz, %95 zen.

UEMAko kide izateko erabakiarekin, “Gabiriako Udalak euskara bultzatu nahi du. Kanpotik bizitzera joandakoei hizkuntza ohitura hartzen lagundu nahi diete, eta bertakoek utz ez dezaten lan egin”.

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s