4.874.220 eurotako aurrekontua onartu eban astelehenean Udalak #igorre

igorre

Astelehenean, urtarrilaren 22an, onartu zirean Igorreko 2018rako aurrekontuak, EH Bilduko 6 ordezkarien botoakaz.

EAJko bostek, kontrako botoa emon eben, gobernutik aurkeztutako proposamenean, jeltzaleek egindako hainbat ekarpen integratu zirean arren.

Gai honen inguruan, eztabaida interesgarria eukin eben Beiñat Anzola EH Bilduko alkateak eta Andere Ortuzar EAJko ordezkariak, pena iruditu jakun 5 herritar (eta Begituko kazetaria) baino ez egotea plenoan. Argigarria izan zan alderdi bakotxak herriari egiten deutson ekarpena eta Igorreri egiten deutson eskaintza ikusteko.

Bestalde, pentsioen aldeko mozino bi onartu zirean. Lehena, Igorreko Jubilatuen Elkarteak aurkeztutakoa, EAJren aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz. Kasu honetan, salbuespena-edo egin eban Igorreko EAJk, denbora bat daroalako udalez gaindiko gaien inguruko mozinoetan ezezkoa emoten. Bigarrena, EH Bildurena, alderdi honen botoakaz onartu zana. EAJk, kontrako botoa emon eban honen aurrean, udalez gaindiko mozinoetan kontrako botoa emotearen irizpidera bueltatuz.

Hemen daukazue Udalak aurrekontuen inguruan atara dauan komunikatua, eta Igorre sarean-era bidali dauana.

2018rako aurrekontua onartu du IGORREko udalak

Astelehenean, urtarrilak 23, Igorreko udaleko udalbatzak urte honetarako aurrekontuen proposamena onartu zuen EH Bilduko zinegotzien 6 aldeko bozkei esker.

2018 urterako aurrekontuak aurreko urtean baino 540.000 € gehiago izango dituzte. Batez ere, 3 faktorek eragin dute igoera hau. Batetik Udalkutxatik jasotakoa 310.000 € igo da, bestetik, aurreikusten diren obra pribatu batzuen zerga eta tasek 150.000 €tan igo dute aurreikuspena eta, azkenik, “boulderra” berreraikitzeko udaleko asegurutik 110.000 € jasotzea espero da. Guztira, 4.874.220 € takoa da 2018ko aurrekontua.

1. Kapituluan, pertsonalari dagokionean bukatzear dagoen Lanpostuen Zerrenda indarrean jartzen hasteko diru kopurua jarri da, harreran beste administrari bat jarriko delarik eta badaezpada, funtzionarioen %1eko igoera aurreikusi da 2018 urterako.

2. Kapituluan, zerbitzuen gastuetarako, hainbat igoera proposatu dira. Berdintasunerako jardueratan 3.000 eurotako igoera dago; ludoteka, udalekuak eta Haur eta gazteentzako jardueretarako 11.000 € gehiago jarri dira. Kirol jardueretarako 5.000 euro gehiago jarri dira, 94.000 €raino. Euskera normalizatzeko ere 4.000 € gehiago egongo dira guztira 43.000 € izango direlarik. Adinekoentzat jarduerak antolatzeko ere 26.000 € ezarri dira, aurreko urtean baino 6.000 € gehiago. Kultur etxetik kanpoko ekintza kulturaletarako ere 10.000 € gehiago jarri dira, guztira 47.000 €. Enplegua sustatzeko partidan 68.052 €rekin Beharbide proiektuari jarraipena emango zaio eta, horretaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako prestakuntza ikastaroak emango dira.

4. Kapitulua. Elkarteei ematen zaizkien diru laguntza nominatiboak mantendu egingo dira orokorrean (Merkatariak, Jubilatuen Elkartea, Cáritas, Bizkaiko elikagaien bankua, Guraso elkarte ezberdinak…), hala ere, Jai batzordeari, aurten, modu nominatiboan emango zaio laguntza eta 5.000 € gehiago jasoko ditu, 59.600 € hain zuzen.

6. Kapituluan hainbat inbertsio egitea aurreikusten da. Herrian zehar hobekuntzak egiteko 326.359 € egongo dira. Erremanentearekin batera honako proiektu guzti hauek egiten ahaleginduko da Igorreko Udala, beti ere, baimen bereziek eta proiektuen zailtasunak berak zeintzuk egingo diren lehenengo baldintzatuko duelarik. Hauetan estrategikoena Jubilatuen txokoaren atzealdean egin nahi den Gabolan aparkalekua izango da, 90 autorentzat lekua izango duena. Beste proiektu batzuen erredakzioak ere eginda edo otsailean entregatzekoak dira, adibidez: Erreka ondoko aisialdi gunea, Orobitik Arantzazura oinezkoen bidea, Lehendakari Agirreko interbentzio biak (Garben Arantzazurantz eta, bestalde eleiza ondotik Renaultera bitartean), Gezalara oinezkoen bidea, Garakoiko errekako lanak eta Lasarte ondoko espaloia konpontzea, besteak beste.

Kirol instalakuntzetan ere, aurten, lan batzuk egiteko asmoa dago. “Boulderra”
berreraikiko da eta kiroldegiko aldageletan berrikuntzen 2. fasea egingo dira.

Azkenik, berrikuntza moduan, gazteen lokalak legeztatzeko bidean, lokalen jabeei zuzenduko liratekeen dirulaguntzak emateko 5.000 eurotako partida jarri da. Gazteriako batzordean eztabaidatzeko dago oraindik laguntza hauek emateko ordenantza baina EAJ taldeak eskatuta ezarri da. Eztabaida hasi eta bere fruituak eman ditzakeelakoan.

IGORREn, 2018ko urtarrilaren 24an

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s