Aldaketaren alde, dana itxita, eta jendetza kalean

Eguna pasatu ostean, goikoa izan leike, esaldi batean, gaurko greba orokorraren laburpena gurean. Arrakasta itzelezkoa izan dalako eta salbuespenak salbuespen, dana egon dalako itxita gurean. Ateak itxi bideak zabaltzeko, gauzak egiteko beste modu baten alde, aberastasunaren bidezko banaketan oinarritutako gizartearen alde, beharginen eskubideak errespetatuak izango direan mundu baten alde, mundu hobe baten alde, berba bitan, parekidetasunaren eta zerbitzu publikoen garapenaren alde, eredu berria, non beharginek boterea borrokatu eta eskuratuko daben kapitalista eta politikari konplizeen aurrean.

Azken aste eta egunetako beharra intentsoa izan da, enpresaz enpresa eta Arratian sortutako greba komitean, esperientzia polita eta hobeto landu beharrekoa. Lemoan gazteentzako berbaldia, krisiaren eraginaren inguruan, egin zan eta aurreko egun batean hemen erakutsitako bideoa, kotxe megafonia, propaganda, enpresaz enpresa, kale zein ikastetxeetan egindako beharra… Herria martxan ipinteko ahalegina.

Atzo, greba eguna, 5:15etan hasi zirean piketeak martxan eta neurri batean alperrik, argi egoalako sano gitxi izango zireala zabalduko ebenak. Jenteak konbentzituta egin dau greba, egoeraz nazkatuta dagoalako eta konponbideak gura dauzalako. Alternatibak eraikitzea dan orain gakoa, eguneroko beharraren bidez, bakotxa dagoan lekutik.

Lemoako Cementosetik hasita, Arratia osoa zeharkatu ostean (Zulaibarreko eskola erdi itxita, Arteako poligonoa guztiz itxita) Erletxetako poligonora jo dau piketeak, eta bertan tentsinoa egon da Ertzaintzagaz. Eguerdian, hainbat eta hainbat izan dira Bilboko manifestazino ikaragarrian parte hartu dabenak.

Arrastian, 400 lagun inguruk manifestazinoa egin dabe Igorren, aspaldiko jendetsuena.

Eta gaurtik aurrera, ALTERNATIBA ERAIKITZERA!


Utzi iruzkina